2025 AZA. 30 IRITZIA Ospelaz Sustrai Colina S. apurgarria, Zer egiten duzu nondik hasi ez dakizunean? Zergatik ez duzu Barne sailburua Rosa Zarra hil zuen gomazko pilotaren jaurtitzailearen jatorria ematen amesten? Zergatik ez duzu Gabonetako argiak desmuntatzen hasi direla irudikatzen? Eta sententzia euskarafoboekin egunkarietako lerroburuak gainezkatzen ari diren epaileek laneko bazkaria euskararen egunean ospatuko dutela suposatuko bazenu? Oinetakoak jantzi eta izerditzera atera zaitezke, bestela. Zure baitako zarata itzali arte korrika egin, zure ahotsa entzun arte ez gelditu. Isiltasunaren beldur zara, agian. Horregatik uzten diozu algoritmoari musika aukeratzen. Algoritmoak hautatzen dizkizun abestien arabera jabetzen zara zure aldarteaz. Aldarteak baldintzatzen dizu begirada, begiradak denbora. Denboraren joanaz idatz zenezake, atzo urtarrilean zinela asmo on eta promesa zintzoz beterik eta gaur ez zaizula geratzen abendua besterik. Errepasatu ditzakezu irakurritako liburuak, bizi izandako kontzertuak, ikusitako antzerkiak eta Ainara Gurrutxagak “Itzulera”-n transmititutakoa gorde. Saia zaitezke sentitzen nora eramaten zaituzten fantasiek eta, ondorioz, nondik ihes egin nahian zabiltzan. Sinets dezakezu bertso onena kantatzeko daukazula oraindik ala, ezinbestean, gogoratzen dituzunei oratuta bizi besteek ere oroituko dituzten esperantzan. Ez zenuke bizitzaren bigarren erdian sartu denaren heldutasunik antzeztu behar. Ziurtasun intimorik gabe zabiltza, zure onespena soziala da batez ere. Asko balio du isilik egoten jakiteak. Batzuetan ez dago isiltzerik. Zer egiten duzu bulkada bat eta bere kontrakoa sentitzen dituzunean? Buruarekin ala bihotzarekin soluzionatzen dituzu arazoak? Denbora eska zenezake hausnartzeko, erantzuteko edo, besterik gabe, trenari joaten uzteko. 2027ko kontzerturako sarrerak saldu dira jada. Ez da gaurkoa urrutikoa gertu eta gertukoa urruti sentitzeko frustrazioa. Barne sailburuak ez du Rosa Zarra hil zuen gomazko pilotaren jaurtitzailearen jatorririk eman. Eguberrietako argiak piztu dituzte. Asteazkenean, euskararen eguna egunero dela adieraziko du agintari batek erdara batuan. Oinetakoen zolak urratuegiak dauzkazu bigarren aldiz izerditzera irteteko. Zarata itzali ezinda zabiltzanean soilik aldarrikatzen duzu isiltasuna. Denboraren etorreraz gogoetatu behar zenuke. Zer egiten duzu nola amaitu ez dakizunean? Eguberrietako argiak piztu dituzte. Asteazkenean, euskararen eguna egunero dela adieraziko du agintari batek erdara batuan. Oinetakoen zolak urratuegiak dauzkazu bigarren aldiz izerditzera irteteko. Zarata itzali ezinda zabiltzanean soilik aldarrikatzen duzu isiltasuna. Denboraren etorreraz gogoetatu behar zenuke.