7K - zazpika astekaria
OROILOREAK

Juan Bautista Bilbao & Nikolaus Zu Dohna-Schlodien

Jesusa Zabala eta Juan Bautista Bilbao emazte-senarrak. Iñigo Aranbarriren «Juan Bautista Bilbao Batxi (1887-1916)» liburutik Bidegileak

Lehen Gerra Handiaren urteetan, 1914 eta 1918 bitartean, gudua gogorra izan zen itsasoan ere. Alemanen itsasontziek aliatuenak abordatzen zituzten, minak ereiten zituzten ur-azalean edota U-boot (Unterseeboot) ontzi urpekariak erabiltzen zituzten etsaien ontziei erasotzeko. Merkataritza-ontzi britainiarrak izan ziren kaltetuenak, baina Estatu Batuen interes ekonomiko eta komertzialak ere larri kaltetu ziren. Hauen neutraltasuna hagatik airatu zen.

Euskaldunak ere han ibili ziren. Ez Verdun aldeko lubakietan odolustu ziren lapurtar, baxenabartar eta zuberotarrek bakarrik, Hegoaldeko marinel batzuek ere parte hartu zuten itsasoko gerran.

 

«Whitehall» baporea. «Bayo» deitzen zioten gero, 1916an, Gironda parean minak jo eta hondatu zenean.

JUAN BAUTISTA BILBAO

Bilboko itsas konpainiek irabazpide erraza aurkitu zuten Lehen Mundu Gerran ontziak ingelesen zerbitzuan jarririk. Itsasontzi asko galdu arren, ontzi-jabeak irabazleen bandoan geratu ziren, aberasturik eta ohoraturik (Ramon de la Sotak Britainia Handiko Knight Commander of the British Empire titulua jasoko zuen). Galdurik eta ahazturik geratu ziren, zoritxarrez, ontzi hondoratuetako marinelak.

Itsasoan itotako horietakoa izan zen Juan Bautista Bilbao “Batxi”. 1887ko irailaren 7an jaioa Arratzun, hamaika-hamabi urterekin hasi zen itsasoan “txo” edo “mutil-txiki” moduan beharrean. Abertzalea gaztetatik, Sabino Arana pertsonalki ezagutu ondoren, Gernikako batzokiko eragilea izango zen. Baina itsasoan egin zuen beti lana: maiordomo (“hornikari”), baporean beharrezko ziren gauzak erosten: erremintak, janaria eta halakoak. Ez zen lanpostu faltarik sasoi hartan Bilboko zamaontzietan.

Juan Bautista Bilbaok bazuen beste afizio bat: euskaraz idaztea. Abertzalearen eginbidetzat hartuko zuen. Izkribuak Ebaristo Bustintza “Kirikiño”-k editatzen zizkion “Euzkadi” egunkarian, eta “Batxi” izenordearekin sinatzen zituen. Ia berrehun kolaborazio idatzi zituen 1913ko abendutik 1916ko urtarrilera bitartean. Batzuk bertatik (Gernika, Busturia, Erandio…), beste batzuk urruneko portuetatik (Cardiff, Konstantinopla, Rotterdam…). Idazlanok, luzaroan ahaztuta egon ondoren, eskuragarri daude Koldo Izagirrek eta Iñigo Aranbarrik prestatutako bilduma ederrean (“Hau mundu arrano hau”, Susa, 1997).

Sarritan aipatzen zuen Kirikiñok bere lagun minaren abertzaletasuna eta prestutasuna. Haren bibote mardo gorri-gorria, haren begi urdinak. Batxi noiz itzuliko egoten da batzuetan; 1914ko uztailean, adibidez:

“Agertuko da hemen sarritxu, ba bera dabilen ontzi hori ez da handi-handia, ‘Bayo’ da; eta Ameriketara eta urrinetara barik, hemen inguruan ibiliko da, Ingalanda-Frantzia-Espainia-Portugal, eta Euzkadira joko dau, ontzi hori hemengoa da ba eta”.

“Bayo” baporea “Whitehall” deitu zen lehenago, ontziolatik 1892ko urtarrilaren 14an uretaratu zen eta Thomas Turnbull & Son konpainia ingelesak, 21 urtez nabigatu ondoren, 1913an konpainia ingelesak Bayo, Lezama & Co. enpresa bilbotarrari saldu zion.

1914ko uztailaren 28an, derrepentean, Lehen Gerra Handia lehertu zen. Itsasoa espazio ikaragarri arriskutsua bihurtu zen. Batxi kontziente zen arriskuez; Middlesbrough hiritik idatzi zuen, esate baterako:

“Hilaren zazpian heldu ginen Ushant deritzon Frantziako uhartera, frantziar gudaontzi handi batek gelditu gintuenean gure agiriak eta abar ikusteko. Berak adierazi euskun egun bat lehenago ingeles gudaontzi handi bat joan zela alemaniarrek ipiniriko mina bat jota: hirurehun baino gehiago ito ziren. Goian begoz errukarriok.

Lehengo egun batean ingelesek gelditu eben alemaniar arrantzuko ontzi bat frantziar ikurrina adarkian jarrita ipar itsasoan ebilena minak ipinten: 300 baino gehiago dira eurak jaurti dabezen minak eta salerosle-ontziak guztizko arrisku handietan dabiltza. Ontzi guztiak itsaskatuten dabe txanelak gertuta badaezpada. Negargarria da itsasoan ibiltzea.

Itsasertzetako argi guztiak dagoz amatatuta eta bakarrik egunez itsaskatzen dogu. Ingalaterrako arrantzuko ontzirik gehienak dabiltza atzetik sare handiak dandarrez dabezela minak atrapetan, eta sarritan eurak atrapatu ohi dabez tramankulu itzel horreek” (“Euzkadi”, 1914-09-11).

 

Nikolaus zu Dohna-Schlodien, korbeta-kapitaina

«JAUNAK JAGON DAIALA BATXI ZINTZOA»

Middlesbroughetik bertatik irailaren 22an are enfatikoagoa izan zen Batxi, dokumentuak aldean ez zeramatzalako arrestatu zutela kontatu ondoren:

“Agur abertzaleak. Arrisku handietan gabiltza itsastarrok, ba ez dago egunik ontziren bat hondora ez doanik, alemaniarrek ipiniriko mina batek jota. Otoi eizue ba Ama Birjinari itsasoan gabiltzan gizon txiroen aldez”.

Cardiffetik 1914ko azaroaren 22an idatzi zuen kronikan, “jendearen beldurra” ez ezik, “ontzijabeen irabaziak” aipatzen zituen, kontraste nabarmenean:

“Ederto ei dabiltza oraingoan ontzijaubeak, ba guztiz diru asko damotse zama hara-horra eroateagatik. Upomendi ontzia Argentinara doa, eta beste asko doaz Italiara, harako ontzi joan-etorriak be guztiz goitik dabiltza. Biejondaiela”.

Ontzi-jabeen irabaziak baino lehenago, alemanek ur-azalean ereindako “hiltzeko tramankuluak” ikusten dituzte marinelek:

“Minak ur-azalean ikusi dabez eta eurekin ez topo egiteko hainbat ahalegin eginik, azkenean be lortu dabe Rotterdametik hona etortea ezer jazo baga. Horregatik ba, alemaniarrek mina klase bi darabilez: ikusten ez direnak eta ur-azalean uren abiada nora-hara dabiltzanak...”.

Kirikiñok ez zuen isilpetzen Batxiri buruz zeukan kezka. Esate baterako:

“Jaunak jagon daiala Batxi zintzoa itsaso gaitz-zoritsu horreetan” (“Euzkadi”, 1915-04-20).

Nikolaus zu Dohna-Schlodien, korbeta-kapitainaren gudaontzi famatua: «S.M.S. Möwe».

AZKEN BIDAIA

“Bayo” baporea 1916ko urtarrilaren 8an irten zen Huelvatik, arratsaldeko 3:40an, 4.080 tona mineral kargatzen, Riotintoko meatzetako mea hori Bordele aldera eramateko. Urtarrilaren 13 goizean, 8:00ak aldera, kontaktu-mina bat jo, hau lehertu, eta, kasko zulatuarekin, arrapaladan urperatu zen ontzia.

Eztandak gelan harrapatuko zuen Batxi. Hantxe egoten omen zen irakurtzen edo idazten goizeko seietatik bederatziak arte.

Ontzi hondatuaren albiste ikaragarria sinetsi ezinik egon zen Kirikiño, berrien zain, Batxi bere adiskidea eta besteren batzuk bazterren batetik bizirik agertuko zirelakoan. Baina, Bayo ontziaren galeratik, marinel bakar bat heldu zen Arroxelara:

“Bizirik uretan harrapau daben itsasmutilak esan dauanez bera bakarrik gaizkatu dala, eta enparauak galdu dirala.

Beraz, Batxi gure lagun maitea han galdu da. Bemotso Jaunak betiko atsedena gixajoari, ontziko beste bere lagunekaz batera.

Zein pozik idatzi euskun lehengo egunean Huelvatik, Bordeauxera joiazala eta handik hona, Bilbaora, etozala, urtebete eta erdi hor itsasoan zehar ibilita gero? Hak eukon poza aberrira etorteko, bere emazte eta alabatxoak laztandu eta bere adiskide eta abertzaleei besarkada bat emoteko, eta bere jaioterri honen altzo bigunean nasaialdi bat hartzeko!” (“Euzkadi”, 1916-01-16).

Kirikiñorekin, Luis Eleizaldek, Kepa Enbeitak eta beste batzuek idatzi zuten lagun galduaz. Batxik, 28 urterekin, alarguna eta hiru ume utzi zituen: Jesusa (10), Marina (6) eta Miren (3 urtekoa). Diru bilketak ere antolatu ziren familiari laguntzeko, eskasia larrian geratzen baitzen.

 

«SMS MÖWE»

Minak “SMS Möwe” itsasontziak erein zituen, zamaontzi neutralaren itxurak eginez batetik bestera mugitu zen Alemaniar Armada Inperialaren gudaontziak. Itsasontzi berria zen, Tecklenborg ontzioletan egina; “Pungo” izenarekin hasi zen 1914an Afrikanische Fruchtkompanie Hamburgoko fruitu garraio konpainiarekin lanean, platanoak ekartzen Alemaniara Kamerunetik. 1915eko udazkenean, ontzi “zamaketaria” “mina-ereile” bihurtu zuten Wilhelmshaven-go ontzioletan, izena ere aldatuz: “SMS Möwe”, alegia, «kaioa».

Nikolaus zu Dohna-Schlodien kapitain, 1915eko abenduaren 29an abiatu ziren lehenengo gerra ekintzarako. Itsaso txarrarekin, minak erein zituzten Pentland-go itsasadarrean, britainiarren Scapa Flow base handiaren alboan (egun gutxira, “HMS King Edward VII” akorazatua hondatu zen hantxe). “Kaioa” Irlanda mendebaldeko itsasaldera joan zen gero, eta handik Frantziarantz. Urtarrilaren 8an, Mantxako kanala ababorrean utzi eta Ushant (“Eusa” bretoieraz, “Ouessant” frantsesez) irlaren albotik pasatu zen Bretainiako Finisterrerantz…

Urtarrilaren 9tik 10erako gauean itsasoa bare omen zegoen. Hamabost korapiloko abiaduran pasatu omen zen “Kaioa”, frantziar arrantza-ontzien itzalen artetik, minak ur-azalean ereiten. 238 kontaktu-mina utzi omen zituzten itsasoan, ia ehun miliako hesi bat osatuz Yeu uhartetik Girondako bokaleraino. Goizeko hiruretan amaitu omen zuten zeregin hori. Gero, Atlantikorantz abiatu zen, Espainia eta Kanarien arteko espazioa zaintzera, eta gero Brasilgo kostalderantz.

Urtarrilaren 13an goiz-goizean gertatu zen, Arroxelatik 40 milia SWera, “Bayo” baporearen tragedia. Huelvatik La Pallice-ra mineral kargarekin zetorrela, kontaktu-mina bat jo, eta marinel bakar bat baino ez zen salbatu: Jesus Azkune, 27 urteko algortarra. Itsasontzia hondatzen zen artean, oso kolpaturik, txanel bat lortu zuen. Itsasoan, “Arvoria” izeneko arrantza-ontzi batek jaso zuen eta, Arroxelan, Saint Louis ospitalera eraman zuten.

Gainerako 26 marinelen arrastorik ere ez zen gehiago izan.

DOHNA ETA BERE KAIOA

Balentria horrengatik, eta beste batzuengatik, gizon bat omendu eta goraipatu zen bereziki: Nikolaus Burgrraf und Graf zu Dohna-Schlodien, jatorri prusiar nobleko militarra, Alemaniako Armada Inperialeko korbeta-kapitaina (Korvettenkapitän). Mallmitzekoa zen (Małomice, Polonian gaur egun). “Pungo” kargero bananeroa “Möwe” mina-ereilea bihurtzean, berari eman zioten gudaontziaren agintea. “SMS Möwe”-k berrogeitik gora itsasontzi etsai suntsitu zituen.

Nikolaus zu Dohna-Schlodien ere idazlea izan zen, eta Batxik baino denbora gehiago izan zuen eskribitzeko. Bi liburu argitaratu zituen bere itsas ibilerez: “SMS Möwe” (1916), eta “Der Möwe zweite Fahrt” (“Kaioaren bigarren hegaldia”, 1917).

Zinema ere egin zen gerra heroien ekintza gogoangarriez. Berlingo Operan estreinatu zen 1917ko maiatzaren 2an “Graf Dohna und seine Möwe” (“Dohna eta bere Kaioa”). Itsasoko gerra ikusiezinekoa izaten zen. Lehen Gerra Handiko itsas gerrako irudi dokumentalen epika triste hori, berriz, edozein mututzeko modukoa da.

Arerioen errespetua merezi omen zuen Nikolaus zu Dohna-Schlodien horrek erasotako ontzietako marinelak erreskatatzen zituelako eta ondo tratatzen zituelako. Juan Bautista Bilbaok behintzat ez zuen ondo tratatua izateko suerte hori izan.