2026 API. 26 ARKITEKTURA «El Andén» Rotak, Cadizko kostaldeko herri batek, duela hilabete batzuk inauguratu zuen «El Andén», gizarte zentro bat eta musika eskola bat hartzen dituen instalazio publikoa. KAUH arkitektura bulegoak garatutako proiektua kostaldeko trenbide zaharrak markatutako eremu batean inspiratu zen, eta bertan zegoen jatorrizko tren kotxetegi bat baliatu du; horrela, ondarea berrerabili eta Cadizko zuri bereizgarriaz margotu da eraikina. «El Andén»-en kanpoaldeko eta barrualdeko irudiak. Iragana gogoratzen duen eta etorkizunera begira dagoen eraikin berritu eta handitu bat. (Proiektua: KAUH arquitecturaArgazkiak: Fernando Alda) Garazi Aranguren Alberdi Rotan, bere itsas historiagatik, hondartzengatik eta itsas base militarrarekin duen loturagatik ezaguna den hirian, aurkitzen da “El Andén” izeneko ekipamendu publikoa, musika eskola eta auzo espazioa uztartzen dituen proiektua. Esku hartzea, KAUH arkitektura bulegoak garatua, hirigunearen iparraldeko ertzean kokatzen da, San Antonio auzoaren eta base militarraren arteko trantsizioan. Leku horretan bertan egon zen, 1980ko hamarkadara arte, “kostaldeko tren” ezagunaren azpiegitura. Gaur egun, trenaren arrastoa ia desagertuta badago ere, haren aztarnak oraindik irakur daitezke bertako espazio libre zabalean eta mantendu den antzinako nabean, urteetan zehar musika bandaren entseguetarako erabilia izan dena. Egun eraikia ikusten dugun proposamenaren abiapuntua trenbide zaharraren trazadura eta hark utzitako hutsuneak hiriarekin eta lurraldearekin duen erlazioa da. Proiektu berria egitura ikusezin horren parte izatea nahi zen, eta horregatik, eraikina trenbidearen trazaduraren jarraipen moduan gauzatu zen, nasa zaharraren atal bat berrerabiliz eta nabearen eta nasaren arteko erlazioa multzo bakar batean bateratuz. Hots, proiektuak jatorrizko nabea berritu eta handitu egiten du, guztira 620 metro koadro inguruko multzoa osatuz. Horietatik, jatorrizko eraikinarenak 200 metro koadro inguru dira, eta eraikin berriarenak, berriz, beste 420 metro koadro inguru. Handitzeak jatorrizko eraikin industrialaren logika berari jarraitzen dio: solairu bakarrean antolatutako gela ilara bat sortzea. Eraikinaren zati berria trenbideko nasa zaharraren gainean kokatzen da, eta multzo guztia ganga sistema baten bidez dago estalia; soluzio horrek, tokiko arkitekturarekin lotura ez ezik, eraikinari izaera bereizgarri bat ere ematen dio. Programaren antolaketa lineal horretan musika bandak eta auzo elkarteek erabil ditzaketen funtzio anitzeko gelak korridore baten bidez lotzen dira, zeinaren muturretan zabalpenak sortu eta elkartzeko eta elkarrizketak izateko espazio informalak sortzen baitira, eta, aldi berean, modu integratuan, arrapalak eta eskailerak txertatu. Proiektuaren hizkuntza formala lehendik dagoen eraikinarekin erlazionatzen da, errepikapena, erritmoa eta bariazioak txertatuz. Jatorrizko eraikineko ganga-habearteak gela bakoitzaren tamaina zehazten du, eta handitzean erritmo hori markatzen da, oraingoan gangak hormigoiz eraikiz eta kanpoaldetik ikusgarriak eginez. Fatxadako hutsuneetan arkuen sinbologiarekin jarraitzen da, horien tamaina irizpide klimatikoen arabera moldatuz. Horrexegatik, hegoaldera dauden hutsuneak, korridorera ematen dutenak, txikiak egin dira, argia eta beroa kontrolatzeko. Iparraldekoak, aldiz, gelak dauden aldekoak, handiagoak egin dira, erabileren gardentasuna eta erosotasuna lortzeko. Argiztapen naturala argi zenitalarekin osatzeko, gela guztien sabaian argi zuloak ireki dira, eta horrekin aireztapen gurutzatua, portaera klimatikoa eta energia aurreztea hobetzen da. Jatorrizko nabea hustu eta garbitu egin da, gardentasuna eman eta edukiera handiagoko jardueretarako erabiltzea ahalbidetzeko. Kokapenari keinuak egiten jarraituz, eraikin osoa kolore zuriz estali da, Cadizeko arkitekturaren oihartzun gisa. Azken batean, “El Andén” ez da eraikin hutsa. Iraganaren memoria berreskuratzen duen pieza da, gaur egungo beharrei erantzuten diena eta etorkizuneko erabilerak irudikatzeko gai dena. Bere linealtasunean, gangetan eta arkuetan, bere burua aurkezten du: herritarren topagunea, kultura pizteko tresna eta ondare isilaren balioa azaleratzen duen arkitektura. «El Andén» ez da eraikin hutsa. Iraganaren memoria berreskuratzen duen pieza da, gaur egungo beharrei erantzuten diena eta etorkizuneko erabilerak irudikatzeko gai dena