7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Arkitektura likidoa

Arkitektura ikuspuntu bisual batetik ulertzera ohituta gauden arren, badaude bestelako zentzumenei garrantzia ematen dieten proposamenak. Antonio Macià arkitekto elxetarrak arkitekturaren eta neurozientziaren arteko loturan sakondu du, eta espazioak usaimenaren bidez esperimentatzeko ikerketa garatu du.

Antonio Maciàren proiektuari lotutako Elxeko Calahorra dorrea. (Getty ImagesMaider Quintanilla Lago)

Arkitekturan pentsatzen dugunean, usaina ere hartzen al dugu kontuan? Lehen begiratuan, galdera bitxia dirudi. Izan ere, arkitekturaz ari garenean, eraikin baten forma, fatxada, materialak, argia edo espazioen antolamendua etortzen zaizkigu burura. Eraikin bat ikusi, marraztu, neurtu eta argazki baten bidez irudika dezakegu. Baina zer gertatzen da begien bidez hautematen ez dugunarekin? Zer gertatzen da espazio batek eragiten digunarekin?

Horixe da Antonio Macià (Elx, 1970) arkitekto eta ikertzaileak garatutako lanaren abiapuntuetako bat. Maciàk ez du arkitektura hormen, egituren eta formen multzo gisa ulertzen, baizik eta pertsonengan zentzumen, emozio eta oroimen esperientziak eragiten dituen errealitate gisa. Hartara, elxetarrak arkitekturaren eta neurozientziaren arteko loturan sakondu du, espazioek giza garunean duten eragina bilatzeko. Bereziki, usaimenaren zentzumenari eman dio protagonismoa, eta, ildo horretan, “Arkitektura likidoa” izena duen proiektua garatu du.

ZENTZUMENEK ERAIKITZEN DUTEN ESPAZIOA

Jakina da arkitekturaren esperientzia ez dela soilik ikusmenaren esku geratzen. Espazioaren argiztapenak, soinuak, tenperaturak, materialen testurek eta, jakina, usaimenak bete-betean eragiten dute guregan. Gainera, esan genezake elementu horien guztien baturak leku baten atmosfera osatzen duela.

Testuinguru horretan, nahiz eta askotan gainerako zentzumenen atzean uzten den, usaimenak badu beste zentzumenetatik bereizten duen ezaugarria: oso lotura estua du oroimenarekin eta emozioekin. Usain jakin batek leku, pertsona edo bizipen bat gogora ekar dezake bat-batean. Horiek horrela, etxe baten usainak, baso hezeak, erretako egurrak edo itsasoaren gatz usainak, esaterako, ez dute informazio sentsorial hutsa ematen; oroitzapenak ere aktiba ditzakete. Hori dela eta, usaimenak garrantzi nabarmena hartzen du espazio baten identitatearen eta atmosferaren eraikuntzan. Azken horretan dago, hain zuzen, “arkitektura likido” kontzeptuaren alderdirik interesgarrienetako bat. Arkitektura tradizionalki zerbait solido, ikusgarri eta iraunkor gisa ulertu izan dugu. Lurrina, aldiz, ikusezina da, airean hedatzen da eta desagertu egiten da. Hala ere, gure oroimenean gera daiteke.

Kontraste horrek arkitekturaren mugak birpentsatzera garamatza. Arestian aipatu bezala, eraikin baten esperientzia ez da haren hormetan amaitzen. Espazioak duen atmosfera eta horrek eragiten dituen sentsazioak ere arkitekturaren parte dira.

ERAIKINETIK LURRINERA

Marko teorikoa praktikara eramateko, Maciàk Elxeko eta haren inguruko hainbat proiektu arkitektoniko lurrin bilakatu ditu. Horren emaitza da WOHA Parfums, hamar proiektu arkitektonikoren lurrinak biltzen dituen proposamena.

Horietako lehena, adibidez, Elxeko Calahorra dorrearen inguruko proiektu bati lotuta dago, eta XIII. mendeko eraikin historikoaren testuingurua eta bertan bizi daitekeen esperientzia espaziala gogora ekartzen ditu. Arkitektoak, ordea, ez du lekuaren usain erreala berreraikitzea bilatzen, baizik eta haren atmosfera eta izaera transmititzen duen tresna sortzea. Beste hitz batzuekin esanda, arkitekturak iradokitakoa bestelako adierazpide batera eramatea bilatzen du Maciàk.

Ikuspegi horrek hainbat aplikazio izan ditzake. Museoetan, erakusketetan edo espazio publikoetan, esaterako, usainak erabil litezke bisitariaren esperientzia osatzeko edo leku baten nortasuna indartzeko. Hala ere, planteamenduak baditu bere mugak ere: pertsona guztiek ez dituzte usainak modu berean hautematen, eta erantzun sentsoriala aldatu egin daiteke norbanakoaren esperientzien arabera.

ARKITEKTURA ESPERIENTZIA GISA

Finean, Elxeko arkitektoak garatutako proposamenak diziplina desberdinen arteko mugak lausotzen ditu. Arkitekturaren, neurozientziaren eta usaimenaren arloak elkarren artean uztartuta, eraikinak ulertzeko ikuspegi sentsorialagoa proposatzen du.

Espazioa ez da begiekin soilik hautematen den zerbait, gorputz osoarekin bizi den esperientzia baizik. Horrenbestez, zentzuduna dirudi pentsatzeak etorkizuneko arkitekturak, eraikin batean zer ikusten dugun galdetzera ez ezik, bertan zer sentitzen dugun eta zer oroitzapen sorrarazten dizkigun hausnartzera ere bultzatuko gaituela.