Bidaiari

Zuzeneko musikaren bidez nabarmendu nahi dute Enkarterri, Meatzalde eta Ezkerraldeko ondare industriala

Besteak beste, Flaca, Daniel Avery eta Dekmantel Soundsystem DJak arituko dira ‘1.000 gradutan’ saioetan, Sestaoko Labe Garaian, Dolomitas Museoan eta Zugaztietan, Foru Erakundeak eta turismoa-kudeaketarako entitateak antolatuta, Last Tour eta Dantz konpainiekin elkarlanean.

Saiook maiatzaren 5, 6 eta 7an egingo dira Sestaoko Labe Garaian, Dolomitas Museoan (Karrantza) eta Zugaztietan (Trapagaran).
Saiook maiatzaren 5, 6 eta 7an egingo dira Sestaoko Labe Garaian, Dolomitas Museoan (Karrantza) eta Zugaztietan (Trapagaran). (BIZKAIKO FORU ALDUNDIA)

Mila gradutan hasten da urtzen burdina, eta «material horrekin forjatu ziren Bizkaiko iragan industrialaren parte izan ziren milaka pertsonaren ametsak, eta lurraldearen etorkizuna eta paisaia eraldatu, egun den modukoa bihurtu arte». Eta hortik hartu dute izena ‘1.000 gradutan’ saioek.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Enkarturren ekimen horrek zuzeneko musikaren bidez nabarmendu nahi du Enkarterri, Meatzalde eta Ezkerraldeko ondare industriala. Saiook maiatzaren 5, 6 eta 7an egingo dira Sestaoko Labe Garaian, Dolomitas Museoan (Karrantza) eta Zugaztietan (Trapagaran). Bertaratuek erabat doan gozatu ahal izango dituzte joaldi horiek, edukiera osatu arte.

Flaca, panorama urbano eta elektronikoaren erreferentea den DJa, tenperatura igotzeaz arduratuko da, maiatzaren 5ean, Sestaoko Labe Garaian: Bilboko itsasadarreko paisaiaren elementu esanguratsuenetako bat eta Bizkaiko Labe Garaiek utzitako ondare garrantzitsuena. Flacaren setek cumbia, guaracha, reggaetoi, rap eta soinu hibridoak konbinatzen dituzte dantza oldarkorreko erritual bizi batean.

Nexo Malito kolektiboak antolatutako lehen jardunaldi honetan, HI-KI eta La Diabla artisten B2B saioez ere gozatu ahal izango dugu, UK soinuetatik perkusio tribaletara bidaiatuz. Alta, Euskadiko underground eszenako DJ nabarmenetako bat, eta Puñales DJ bilbotarra, zeinak airez aire erabiliko gaituen dancehalletik dembowra, funk favelatik kudurora eta grimetik gqomera.

Maiatzaren 6an, Dolomitas Museora alatuko da agertokia, Enkarterrira. Dolomiten fabrika zaharrak, egun museo bihurtuak, denboran atzera egiteko aukera ematen digu, Bizkaiko industriarentzat oso rol inportantea zuen garaira. Bigarren egun horretako errazio nagusia Daniel Avery izango da, techno eszenako DJ fidagarri eta kitzikagarrienetako bat. Parte hartu du, eta txalo asko bildu, DJ-Kicks eta FABRICLIVE serietan, bai eta BBC Radio 1 Essential Mixes bitan ere.

Harekin batera, ISAbella, Bartzelonako club eszenako figura nabarmenetako bat, zeinak bere house, techno eta trance nahasketa eraman duen munduko jaialdi sonatuetara, hala nola Glastonburyra edo Primavera Soundera. El_Txef_A, Aitor Etxebarria musikari eta konpositorearen nortasun misteriotsua; hainbat artista izan ditu bidelagun, hala nola The Black Madonna eta Sebastian Mullaert. Celia Carrera, Bizkaiko eszenako DJ bat, Bilbon kokatua. Bere setetan, bere energia onez blaitzen ditu ikusleak, hardhousetik eta hardtechnotik datozen soinu gozo baina aldi berean ilunen bidez.

Maiatzaren 7a izango da «1.000 gradutan» saioen azken eguna, Zugaztietan, Trapagaranen. Berdegune, aintzira eta aisialdi-guneez inguratuta, Zugaztieta Europan ondoen kontserbatutako meatzari-herrietako bat da. Leku horrek gonbita egiten digu bere meatzaritza-iragan interesgarrian arakatzera, mea-hobi zaharren hondarren artean paseatzera, atari zabalean. Bertako lehengaiek tonaka hornitzen zituzten Labe Garaiak.

Dekmantel Soundsystem sorpresa seduktorez eta groovy joiez betetako dj-set batekin etorriko zaigu. Musika elektronikoaren 360 graduko gustu oneko ikuspegia eskainiko du; harekin, Herbehereak eta bertako eszena mapan kokatzen lagundu du azken urteetan. Elena Colombi DJ eta irratiko esataria ere izango dugu lagun. Haren set inspiratuek, irekiak eta txundigarriak izateaz gain, entzuleen eta dantzarien emozioekin jolastu nahi dute, intentsitate, tonu, argitasun eta iluntasun aldaketen bidez. Haiekin batera, Alicia Carrera eta Katza izango ditugu. Diziplina anitzeko bi artista horiek erritmo eta soinu berriak esploratzen dihardute etengabe.

‘1.000 gradutan’ saioekin, musika garaikideenaz gozatu ahal izango da, ondare historikoan duten garrantziagatik hautatutako zenbait lekutan, haiei buruz dugun pertzepzioa astintzeko eta duten erakargarritasun turistiko eta kulturala berritu eta bultzatzeko. Ikusleak toki horietako magian murgildu ahalko dira. Enkarterri, Bizkaian nortasun handieneko eskualdeetako bat da, ikuspegi panoramiko ikusgarriez inguratua, non itsasoak eta mendiek bat egiten duten. Meatzaldea eta Ezkerraldea, berriz, tradizio industrialeko bi eskualde ditugu, xarma berezia dutenak; EAEko lekurik gordeenak deskubritu nahi dituzten guztiek bertatik bertara ezagutu ahalko dute meatzaritza eta industriarekin lotutako iragana.

Antolatzaileek bus anezkak jarriko dituzte, prezio sinboliko batean, larunbatean eta igandean esparruetara iristea errazteko; ostiralean garraio publikoan heldu ahal izango da. ‘1.000 gradutan’ saiook sekulako esperientziak izango dira, eta gastronomiari ere egingo diote lekua.