Bidaiari

Bizkaiko hondartzen denboraldia hasiko da

Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez, istripuak prebenitzeko, sorospen eta laguntza zerbitzua emango duen lantaldea uretako 154 soroslek eta koordinazio lanak egingo dituzten beste 15 pertsonak osatuko dute.

Surfa, Sopelako hondartzan.
Surfa, Sopelako hondartzan. (Aritz LOIOLA)

Bizkaiko hondartzen denboraldia hasiko da ostegunean, ekainaren 1ean, berrikuntza garrantzitsu batekin, bainu lagunduaren zerbitzua udako sasoi osoan izango dela martxan, irailaren 30era arte, hain zuzen. Gainera, ohikoak baino bi hondartza gehiagotan eskainiko da, Arena, Ereaga, Plentzia, Laidatxu, Isuntza eta Arrigorrin ez ezik, Gorlizen eta Bakion ere emango bnaita.

Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez, istripuak prebenitzeko, sorospen eta laguntza zerbitzua emango duen lantaldea uretako 154 soroslek eta koordinazio lanak egingo dituzten beste 15 pertsonak osatuko dute. Sorosleekin batera, hondartzetako segurtasuna zainduko duten 14 hondartzain daude.

Egunero, eskualdeko zazpi koordinatzaile, koordinatzaile nagusi bat eta 88 sorosle egongo dira lanean, honela banatuta: zazpi Arenan, bi Areetan, bost Ereagan, lau Arrigunagan, hiru Gorrondatzen, bost Barinatxen, zazpi Arriatera-Atxabiribilen, bi Muriolan, lau Plentzian, sei Gorlizen, bi Armintzan, zazpi Bakion, bi Aritzatxun, bi Laidatxun, bi Toñan, bi San Antonion, sei Laidan, lau Lagan, bi Ean, bi Ogellan, hiru Isuntzan, bost Karraspion eta bi Arrigorrin.

Zerbitzuko lantaldeak 13 itsasontzi, zortzi ur-motor, 13 buggy (zortzi elektriko), hiru quad, petrolio gas likidotuko lau lur orotako ibilgailu eta 11 turismo izango ditu erabilgarri. Halaber, desfibriladore erdiautomatikoak, glukometroak, pulsioximetroak, ohatilak eta hondartzetan hala behar duten pertsonei laguntza emateko beharrezkoak diren elementu guztiak izango ditu. Hondartzetan erabili beharreko ekipamendua hondartza bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da.

Garbiketa

Bestalde, hondartzak garbitzeko eta mantentzeko zerbitzuak 101 pertsona izango ditu aurtengo denboraldian, ordutegi desberdinetan. Hondartzak garbitzeko 11 makina handi, hiru kamioi, bi furgoneta, 12 traktore, ekortzeko hiru makina, mantentze materiala garraiatzeko kutxa irekiko kamioi bat, lur orotako bederatzi pick-up eta eskuzko bost bahetzailerekin egingo dute lan.

Zakarrontziei eta hondakinak biltzeko bidoiei dagokienez, aurreko denboraldian gertatu zen bezala, hondartzetarako sarbideetan jarriko dira, hareatzatik kanpo, 2022an erabiltzen hasi ziren paperontzi adimendunak barne. Hondartzen multzoak 481 paperontzi eta hondakinak biltzeko 144 bidoi izango ditu, baina kopuru hori udan detektatzen diren beharren arabera alda daiteke.

Hondartzetako ekipamenduei dagokienez, aurten 85 dutxa (333 ihinztagailu), 76 iturri/oin-garbigailu, eta desgaitasuna duten pertsonentzako zazpi iturri eta bi eserleku, 367 parrila-plataforma eta 2.049 metroko egurrezko pasabide jarri ditu.