Bidaiari

Bardoaren Museoa, berriz zabalik Tunisian

Bardoaren Museoak, Tunisiako ondare-harribitxiz beteta, ateak ireki ditu berriro, 2021eko uztailean itxi eta bi urtera. Tunisiako museorik handiena XIX. mendeko Beylical jauregi zahar batean dago eta mosaiko arraroen bilduma du ikusgai.

Museoko mosaiko erraldoi bat.
Museoko mosaiko erraldoi bat. (F. NASCIMBENI | AFP)

Bardoaren Museoa berriz dago zabalik, bi urte itxita egon ondoren. Eta, dirudienez, birmoldaketa lanak ondo joan dira. Behintzat, Museoaren zuzendaria, Fatma Naït Yghil, pozik eta harro dago egindako lanarekin. «Hainbat espazio zabaldu dira, eta, horri esker, bere bildumak berrantolatu eta beste lan batzuk erakutsi ahal izan dira», aurreratu du. Halaber, adierazi du Babes Zibileko eta Poliziako unitateak sakabanatuta daudela museoan bisitarien «segurtasuna bermatzeko».

Berriro ireki eta ordubetera, ehun bisitari inguru hartu zituen museoak, tartean hainbat turista kanpotar. Gehienek antzinako mosaikoen pieza erraldoiak ikusi zituzten, besteak beste, “Neptuno jainkoa gurdi batean” edo “Herkules heroia eta Onfale maitea”.

Gainera, museoari gehitutako sail berrien artean, eskuizkribu islamiarrei eskainitako bat dago, jendearen arreta bereziki erakarri duena.

«Tunisiako ondare-altxorrak»

Bisitariak ere pozik daude nonbait. «Pozik nago, azkenean Alemaniara itzuli aurretik museoa bisitatu ahal izango dudalako». Hori dio Radhia Moknik, 25 urteko alemaniarra. Museo batean lan egiten du eta «Tunisiako ondare-altxorrak» ezagutzeko jakin-mina zuen. Beraz, irrifarrez itzuliko da etxera.

Beheko solairuan, bakearen jainkosaren marmolezko estatua, “Concordia”, dago ikusgai. Museoak 2015eko martxoaren 18an jasandako atentatuaren biktimen hilarriaren ondoan dago. Estatu Islamikoak hartu zuen bere gain ekintza.

«Bake eta tolerantzia mezua da», uste du Yghilek.