Bidaiari

Paris Photo azoka, munduko argazkigintza topaketarik handienetakoa

Paris Photo azoka, munduan argazkigintzari eskainitako ekitaldirik handienetakoa, azaroaren 9an hasiko da 191 galeriaren parte-hartzearekin. 25 herrialdetako 800 artista inguru izango dira bertan.

Aurtengo edizioko kartela.
Aurtengo edizioko kartela. (Parisphoto)

Paris Photo azoka azaroaren 9tik 12ra arte egongo da ikusgai Grand Palais Éphémère-n. 26. edizioa izango da eta banakako hogei bat erakusketa eskainiko ditu, bost artista eta ehundik gora talderen lanekln.

Horrekin guztiarekin, azokak arte fotografikoaren diziplina aniztasuna erakutsi nahi du, gizarte-salaketatik gertuen dagoen errealismotik hasi eta abstrakzioraino, erretratutik igaroz, jakina.

Emakumeen presentzia oraindik ez da gizonezkoen adinakoa, baina, antolatzaileen esanetan, goraka doa urtetik urtera. Horregatik, azokak Elles x Paris Photo ekimena izango du aurten ere, emakumeek argazkigintzaren munduan duten ikusgarritasuna areagotzeko asmoz. Azken bost urteortan emakumeen parte-harztea %20 izatetik %36 izatera igaro da. Aurten, gainera, liburu bat argitaratuko da.

Latinoamerikako presentzia

Batez ere, Europako galerien presentzia nabarmentzen bada ere, bereziki Frantziakoak, eta neurri txikiagoan Estatu Batuetakoak, Paris Photo topaketak Latinoamerikako egoera artistikoa ere jasotzen du. Bertan izango da Buenos Airesko Jorge Mara-Laruche galeria, Horacio Coppola, Grete Stern eta Ellen Auerbachen argazkiekin.

Beste adibide bat da Patricia Conde galeria mexikarra, duela bi hamarkada bere herrialdean argazkigintzari eskainitako lehen galeria gisa jaio zena eta Parisko azokan ohikoa dena. Aurten Alexandra Germán, Flor Garduño, Yael Martínez eta Alejandro Cartagena artistekin etorri da “ikuspuntu mexikarra” erakustera. «Argazkilari apartak ditugu Mexikon», adierazi du Condek. «Arazoa da –gehit du–ez direla nazioartera zabaltzen».