Artiumeko sarreran, ‘Un pedazo de cielo cristalizado’ zaharberrituta
Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak bukatutzat eman du bere bildumako ‘Un pedazo de cielo cristalizado’ artelanaren piezaren garbiketa eta zaharberritze prozesua. Beraz, hasierako egoerara itzultzea lortu da, «jatorrizko gardentasuna lehengoratuz». Atari nagusian bisitariei harrera egiten dien tamaina handiko artelana da, Javier Perez artista bilbotarrak 2001eko Veneziako Bienaleko Espainiaren pabilioirako egon zuena.

Zaharberritutako obraren aurkezpenean Beatriz Herraez Artium Museoko zuzendariak, Jaime Alfonsin Alfonso eta Ramon Castresana Iberdrola España Fundazioko presidenteak eta zuzendariak, hurrenez hurren, eta Azucena Prior zaharberritze prozesua burutu duen Artyco enpresaren arduradunak parte hartu dute. haien esanetan, esku hartze konplexua izan da.
Joan den azaroaren 18an hasi ziren ‘Un pedazo de cielo cristalizado’ obraren zaharberritze lanak. Tamaina askotako beira puztuzko 12.000 pieza baino gehiago ditu, malko formakoak, 10 metroko zabalera eta 4 metroko altuera duen egitura esferaerdi batean esekita.
Ikus-entzunezkoak
Artelanaren zaharberritze prozesuaren xehetasun teknikoak azaltzeaz gain, Artium Museoak esku hartzea ikuspegi globaletik dokumentatzeko egin diren ikus-entzunezko piezetako bi ere aurkeztu ditu. Bi bideoak Artium webgunean ikus daitezke.
Alde batetik, garbiketaren prozesu osoa erakusten duen time lapse teknikako bideo bat egin da, eta, bestetik, Javier Perez artistari zaharberritzearen harira egindako elkarrizketa batena, non artistak obra egin zuen garaiko testuingurua aipatzen eta esku hartzeari buruz dituen iritziak ematen dituen.