Gasteizko tren turistikoa Gabonetan ere ibiliko da lehen aldiz
Gabonetan ere tren turistikoa izango du Gasteizek, Udalak adierazi duenez. Abenduaren 14tik urtarrilaren 5era bitartean izango da martxan Arabako hiriburuko kaleetan. Iaz bezala, trena %100 elektrikoa izango da.

Gasteizek tren turistikoa izango du aurten ere, eta, gainera, lehen aldiz, Gabonetan ere egongo da martxan. Orain arte, baliabide turistikoa udan bakarrik ibiltzen zen Arabako hiriburuko kaleetan.
Hasiera batean uztailaren 1etik urriaren 12ra eta abenduaren 14tik urtarrilaren 5era arte zerbitzua emango duen trena kontratatzeko prozedura hasi du Gasteizko Udalak.
«Hauxe da tren turistikoaren aurtengo berritasuna: Eguberrietan ere martxan egongo da eta, beraz, gure hiriko Gabonetako programazioaren parte izango da», adierazi du Gasteizko Udaletxeak.
Elektrikoa
Gainera, gogorarazi du trena %100 elektrikoa izango dela berriro, gutxienez 40 lagunentzako lekuarekin, eta gurpil aulkietarako egokitutako bagoi bat ere izango duela.
Ibilbideari dagokionez, tren turistikoa Erdi Aroko hirigunean eta Zabalgunean zehar ibiliko da batez ere, 40na minutu inguruko bidaiak egiten. Zerbitzua kontratatzeko aurrekontua 110.000 eurokoa izango da.
Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 2024ko udako kanpainan lehen aldiz %100 elektrikoa den tren turistikoa kontratatu zuen eta oso emaitza ona izan zuen.
Orain, beste urrats bat eman du, Gabonetan hiria bisitatzen duten pertsonei eta Arabako hiriburua beste ikuspuntu batetik ezagutu nahi duten egoiliarrei zerbitzu hori eskainiz.
Andra Mari Zuriaren plaza izaten da trenaren ibilbidearen abiapuntua.