Bidaiari

Gipuzkoako Basoen Astean, hamaika ekimen

Gipuzkoako Foru Aldundiko BSTK Basotik Fundazioak Gipuzkoako Basoen Astea antolatu du. Martxoaren 21ean Basoen Nazioarteko Eguna dela-eta hamaika ekitaldi izango dira hilaren 21 arte.

Basoak dira protagonistak antolatutako egitarauan.
Basoak dira protagonistak antolatutako egitarauan. (Getty Images)

Gipuzkoako Basoen Astearen helburua da, Basotik Fundazioaren esanetan, herritarrak beren natura-ondarera hurbiltzea, basoak zaintzeak duen garrantziaz kontzientziatzea eta ingurune natural horrek beren ongizate integralean duen funtzioa nabarmentzea.

Ekimena Ipuzkoa 1000ren testuinguruan kokatzen da. ‘Gipuzkoa’ hitzaren milurtekoa aprobetxatuz, «komunitate gisa partekatzen ditugun balioei buruz hausnartzea eta balio horiek indartzea bilatzen du, honelako ekintza eta proiektuen bidez», esan dute antolatzaileek.

Martxoaren 15ean hasi eta 21era arte luzatuko den Gipuzkoako Asteak herritarrei zuzendutako jarduera ugari biltzen ditu, komunitate-zentzua indartzeaz gain, naturaren eta basoen garrantziari buruzko kontzientziazioa sustatzeko.

“Baso-bainua” eta “Basoa gara”

“Baso-bainua” izango da lehen ekintza, martxoaren 15ean eta 16an, Donostian. Saio terapeutiko hauek aukera paregabea emango diete parte-hartzaileei naturarekin konektatzeko. Estresa murrizten laguntzeaz gain, basoek pertsonen osasuna hobetzeko ematen duten laguntzaren inguruan zentratuko dira.

Amaia Agote Forest Therapy Hub-eko hezitzaileak gidatuko ditu saioak, eta gehienez 20 pertsonak hartu ahal izango dute parte saio bakoitzeko. Izena emateko, interesatuek basotik.eus webgunera jo beharko dute eta bertan dagoen formularioa bete.

Bigarrengo ekintza “Basoa gara” jardunaldia izango da. Martxoaren 18an, Aldundiko Gunea aretoan. Saio hauetan basogintzarekin zerikusia duten adituek hartuko dute parte. Lehenengo hitzaldia Blanca del Noval-ek eskainiko du. Gastronomia jasangarrian aditua, Basque Culinary Centerreko ikertzailea eta ‘Silvestre’ liburuaren egilekidea da.

Jarraian, Alejandro Cantero (HAZI) eta Ana Ariz (BSTK Basotik Fundazioa) arituko dira Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarria nola egiten den azalduz, baita zaintza egiteko kontuan izaten diren oinarriak zeintzuk diren ere. Azkenik, Manuela Renzik (Forest Therapy Hub, Milan) basoaren onura terapeutikoez eta estresa murrizteko, kontzentrazioa hobetzeko eta bizi-kalitatea sustatzeko basoek duten eraginaz hitz egingo du. Hitzaldietara bertaratzeko ere, izena eman beharko da.

Azkenik, martxoaren 21ean, ‘Gipuzkoako Desioen Basoa’ sortzeko ekintza berezia antolatu dute Gipuzkoako gizartea ordezkatzen duten hainbat gizarte-eragilerekin elkarlanean. Ekimen honek zuhaitz landaketaren bidez parte-hartzaileen desioak eta ametsak sustraitzea du helburu, Gipuzkoako lurraldearen bihotza elkarrekin sortuz.