Baliabide turistikoak berritzeko laguntzak, Araban
Lurraldeko baliabide turistikoak eta azpiegiturak berritzeko laguntzak eskainiko die Arabako Foru Aldundiak udal eta kuadrillei. Helburu nagusia da turismo zerbitzuak eta esperientziak hobetzea, kalitatezko helmuga jasangarri eta irisgarria finkatuz.

Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 377.000 euro baino gehiago banatuko ditu aurten udal eta kuadrillei zuzendutako laguntzetan, lurraldeko baliabide turistikoak eta azpiegiturak berritzeko.
Foru erakundeak jakinarazi duenez, helburua da Arabak bidaiarien eskura jartzen dituen turismo zerbitzuak eta esperientziak hobetzea, eta, ondorioz, lurraldea «kalitatezko helmuga jasangarri eta irisgarri gisa finkatzea».
Zehazkiago, Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak bi laguntza lerroren deialdia onetsi berri du, bata udalei zuzenduta, eta bestea kuadrillei. Orotara, 377.264 euro banatuko dituela aurreratu du.
Laguntzak balioko du, batez ere, Arabako toki erakundeen inbertsio proiektuak finantzatzeko, lehendik dauden baliabide turistikoak hobetu eta turismo azpiegitura berriak sortu ahal izateko.
Irisgarritasuna
Hautatzeko eta baloratzeko irizpideei dagokienez, onartutako oinarriek lehentasuna ematen diete irisgarritasuna hobetzeko inbertsioei eta turismo jarduera berriak sortzekoei, proposamenen kalitateari eta berrikuntzari.
Diru laguntzaren zenbatekoa inbertsioaren aurrekontuaren %80 izango da, 48.000 euroko mugarekin kuadrilletarako, 28.000 euroko mugarekin 20.000 biztanletik gorako udaletarako, eta, azkenik, 22.000 euroko mugarekin gainerako udaletarako.
Eskaerak aurkezteko epea aurki hasiko da, deialdia Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean (ALHAO) argitaratu ondoren, eta apirilaren 11n bukatuko da.