Bidaiari

Bisita gidatuak izango dira Donostiako udaletxean, maiatzeko zubian

Donostiako Udalak ate irekien jardunaldiak egingo ditu laugarren urtez maiatzaren 1, 2, 3 eta 4an, udaletxea herritarrei hurbiltzeko eta hiriko eraikinik enblematikoenetakoa balioan jartzeko asmoz.

Donostiako Udaletxea.
Donostiako Udaletxea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Maiatzeko zubian –1, 2, 3 eta 4an– donostiarrek eta bisitariek Donostiako Udala bisitatzeko aukera izango dute, azken urteetan bezala. Zehazki, honako toki hauek ikusi ahal izango dituzte bertaratzen direnek: Udalbatza aretoa, eskailera nagusia, Harrera gela, Gobernu Batzarraren aretoa eta prentsa aretoa. Udalak jakinarazi duenez, beste elementu historikoak ere ezagutzeko aukera izango dute.

Udaletxeko areto nagusiak laguntzarik gabe bisitatu ahal izango dira, eta nahi dutenek doako bisita gidatuetan parte hartu ahal izango dute, ezarritako orduetan.

Eraikina bisitatzeko sarrera orokorra Alderdiederreko erdiko eskaileretatik egingo da. Ordutegi orokorra honako hau izango da: maiatzaren 1, 3 eta 4an, 11:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta maiatzaren 2an, 16:00etatik 20:00etara.

Erreserbak

Bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek apirilaren 7tik 28ra eman dezakete izena 010 telefono zenbakiaren bidez (943 481 000 Donostiatik kanpo) eta aurrez aurre Udalinfo bulegoetan; beste bisitariek, berriz, erreserbarik gabe egin dezakete bisita ezarritako ordutegiaren barruan.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, taldeek 25na pertsona izango dituzte gehienez. Bestalde, udaletxearen historia azalduko duten bisita gidatuetarako ordutegiak honako hauek izango dira: maiatzaren 1, 3 eta 4an, 11:30ean eta 16:00etan euskaraz eta 12:30ean eta 17:00etan gaztelaniaz, eta maiatzaren 2an, 16:00etan euskaraz eta 17:00etan gaztelaniaz.