Bidaiari

‘La Dolce Vita’, Italiako luxuzko lehen tren turistikoa

Italiako luxuzko lehen tren turistikoak, ‘La Dolce Vita’ izenekoak, herrialdeko paisaiarik esanguratsuenak zeharkatuko ditu erabat berritutako 60ko hamarkadako bagoi bereizgarrietan. Gainera, menu esklusiboa eskainiko du, 3 Michelin izar dituen sukaldari batek diseinatua.

Veneziako irudia.
Veneziako irudia. (Vladislav Zolotov | Getty Images)

Italiako luxuzko lehen tren turistikoaren inaugurazio-ibilbidea apirilaren hasieran abiatu zen Roma Ostiense geltokitik Montalcinora (Italiako erdialdea). Bidean, Toscana eskualdeko mahastiak zeharkatuko ditu.

‘Dolce Vita’k zortzi ibilbide ditu, gau bateko edo biko bidaietan Italiako 14 eskualde zeharkatuko dituztenak. Ibilbide guztiek Erroma dute abiapuntu eta helmuga eta bidaia txartelek 3.500 eta 7.400 euro arteko prezioak dituzte. Beraz, ezin ukatu trena luxuzkoa denik eta ez dagoela edonoren esku.

Bagoi esklusiboak

Zaharberritu diren 60ko hamarkadako bagoi esklusiboetan, bidaiariek hainbat paisaia ikusgarri zeharkatu ahal izango dituzte ibilbidean zehar, hala nola mahastiak edo herrialdearen iparraldeko boilurraren ibilbidea. Venezia, Portofino eta Siena bezalako hiri ezagunak igaroko dituzte eta nahi duenak, gainera, aukera izango du Erromatik Sizilia uhartera joateko.

Luxuzko trenak 31 kabina ditu; horietatik 18 suite, 12 deluxe eta ‘La Dolce Vita’ suite bat. Gainera, izen handiko chef batzuek (3 Michelin izar dituen Heinz Beck, esaterako) sortutako menu esklusiboak eskaintzen ditu bertako jatetxeak.

Proiektu hau Orient Express markaren lehen ekimena da Italian. Besteak beste, Trenitalia-Gruppo Ferrovie dello Stato, FS Fundazioa eta Treni Turistici Italiani estatuko taldeen babesa du.