Hiriaren ikono bihurtuta, London Eyek mende laurdena bete du

Hogei bat lagun sartu dira London Eyeko 32 kapsuletako batean segundo gutxi batzuetan. Noria mugitzen ari den bitartean –segundoko 26 zentimetro–, langile pare batek bisitariei eskuarekin agur esan eta «pod»aren itxiera ziurtatu dute. Prozesu azkarra da, ia mekanikoa, baina milimetrora neurtuta.
London Eyeren (Londresko Begia) ideia, hasiera batean ‘Millenium Wheel’ (‘Milurteko Noria’) izenez bataiatua, 1993an sortu zen. David Marks eta Julia Barfield arkitekto-senar-emazte gazteen egitasmoa zen, milurteko berriaren hasiera zela-eta hiriburuan eraikuntza historiko berri bat hautatzeko lehiaketan aurkeztu zutena.
Noriako proiektua ez zen irabazle suertatu. Izan ere, lehiaketa hutsik geratu zen, baina, sei urte geroago, arkitektoek lortu zuten proiektua aurrera ateratzea. Hasieran, bost urte irauteko jaio zen, baina, azkenean, 25 urte bete ditu.
«Oraindik neure buruari atximurka egiten diot. Harrigarria da hainbeste denbora hemen egon izana eta herrikoia izaten jarraitzea...», aitortu du Barfieldek orain gutxi argitaratutako elkarrizketa batean.
33. kapsulatik –superstizioagatik, 13.aren ordez–, arkitektoak gogoratu du hasieran bere senarrak diseinatutako noria Hyde Parken kokatuko zela eta bera izan zela lekuz aldatzea konbentzitu zuena. Esan zion hobe zela diagonalean eraikitzea, Parlamentuaren eta eta Big Ben ezagunaren artean.
«Londresko metropoli-eremuaren inguruan zirkulu bat marraztu eta erdigunea bilatzen baduzu, hementxe dago, Tamesis ibaiaren hegoaldeko erriberan».
Erronka arkitektonikoa
Barfieldek aitortzen duenez, diseinuaren erronkarik handiena kapsulak estaltzen dituen beira kurbatu bikoitza izan zen, arkitekto-bikotearen helburu nagusia egitura ahalik eta arinena egitea baitzen, bai ingeniaritzari dagokionez, bai ikusmenari dagokionez. «Bagenekien handia izango zela, baina ez genuen nahi hiria menderatzerik, Londreseko hiri-profilari gehitze txiki bat izatea baizik», dio.
Gaur egun, hiriaren silueta ez litzateke ulertuko London Eyeren zirkunferentzia gabe. Urte berriari ongietorria ematen dioten su artifizialen protagonista da eta 2012ko Joko Olinpikoen lekuko historikoa izan zen. Amelia Hempleman-Adams atleta punturik gorenera igo zen zuziarekin.