Bidaiari

Santutxuko Udaberriko Bertso Saioak, euskaltzaleentzako elkargune

Bilboko Udalak eta Santutxuko Bertso Eskolak Udaberriko Bertso Saioak antolatu dituzte aurten ere. Emanaldiak auzoko Karmelo plazan izango dira maiatzaren 10, 17 eta 24an. Gainera, hilaren 30 ohiko bertso-poteoa egingo da.

Aurtengo edizioaren kartela.
Aurtengo edizioaren kartela. (bilbao.eus)

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Udaberriko Bertso Saioak egitasmoaren 41. edizioa da aurtengoa, eta dagoeneko euskaltzaleentzako topagune bihurtu da, Santutxuko Bertso Eskolak egiten duen lana babesteaz gain, Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoan jasotako helburuetako bat baita.

Aurtengo edizioan 14 bertsolari ariko dira: zazpi emakume, sei gizonezko eta genero ez-binarioko bat. Hiruk lehen aldiz parte hartuko dute Udaberriko Bertso Saioetan, Aner Euzkitzek, Aroa Arrizubietak eta Maite Sarasolak, hain zuzen ere, eta beste sei beteranoak dira jada programan parte hartzen, alegia, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Oihana Bartra, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi.

Bertsolarien artean sei bizkaitar daude, eta horietako bi bilbotarrak dira, Santutxuko eta Deustuko bertso eskoletakoak; lau Gipuzkoakoak dira, bi Iparraldekoak, bat arabarra eta bestea nafarra.

Azken txapelketetako sei irabazle

Gainera, azken txapelketetako sei irabazle izango dira: Alaia Martin (Gipuzkoa 2024), Aroa Arrizubieta (Araba 2024), Julio Soto (Nafarroa 2023), Nerea Ibarzabal (Bizkaia 2023), Amets Arzallus (Iparralde 2021) eta Maialen Lujanbio (Euskal Herria 2022).

Topaketa bakoitzeko gaiak Santutxuko Bertso Eskolak proposatuko ditu eta Irati Erkizia, Iker Uribarren eta Haizea Telleria gai jartzaileek aurkeztuko dituzte. Saioak 13:00etan hasiko dira.

Azkenik, ohiko bertso-poteoa egingo da maiatzaren 30ean, 20:00etan hasita Karmelo kaleko 7 zenbakian. Iker Uribarrenek gidatuko du, eta Nerea Ibarzabalek eta Unai Iturriagak abestuko. Karmelo kaleaz gain, Ricardo Bastida plaza eta Arsuaga kalea zeharkatuko ditu, lau geralekurekin.