‘Aiaraldeko museo eta dorretxeen ibilbideak’, eskualdeko ondarea ezagutarazteko
‘Aiaraldeko museo eta dorretxeen ibilbideak’ eskaintzen dizkie Arabak arabarrei eta bisitariei Aiarako Kuadrillako ondare historiko eta kultural aberatsa ezagutarazteko. Proiektuaren barruan honako hauek sartzen dira: informazio panel fisikoak baliabide bakoitzean, liburuxkak, web atari berri bat eta sustapenerako ikus-entzunezko bat.

Aiaraldeko Berehalako Ekintza Planaren ardatz turistikoaren esparruan aurkeztu du Arabako Diputazioak ‘Aiaraldeko museo eta dorretxeen ibilbideak’ egitasmoa. Inbertsio programa berezi horren helburua da Aiaraldeko baliabide turistikoei balioa ematea eta ezagutzera ematea, haien garapena antolatzea eta planifikatzea, eta turismo jasangarriaren eskaintza egituratzea.
Dipuatzioaren esanetan, ekimenaren helburua da «Aiaraldeko ondare historiko eta kulturala arabar eta bisitarien artean ezagutzera ematea eta sustatzea, Erdi Aroko benetako altxor diren eta botere borroken eta gerra gertakarien berri ematen diguten dorretxe dotoreak lotzen dituen ibilbide baten bitartez, eta lehen mailako museo sare baten bidez, zeinak eskualdeko lanbide eta bizimodu tradizionalak, zenbait artistaren lanak, hala nola Xabier Santxotena eskultorearenak, eta tokiko likoreen esentzia erakusten baititu».
«Aiaraldea enogastronomia da, txakolin upeltegi, gaztandegi eta tokiko ekoizleek osatzen dutena, eta natura ere bada, Gorobel mendilerro ikusgarria, Maroñoko urtegia, Delikako arroila eta Nerbioiko ur jauzia han baitaude, baina baita historia eta kultura ere. Proiektu honekin Aiaraldeko turismo eskaintza aberastu eta dibertsifikatu nahi dugu, turismo eskaintza aberasteko, eskualdean enplegua eta aberastasuna sortu daitezen», azaldu du.
Bestalde, nabarmendu duenez, Aiaraldeak «lehen mailako ondare historiko eta kulturala du, eta ekimen honek Araban eta Arabatik kanpo ezagutzera eman nahi du».
Proiektu integrala
Horretarako, proiektuak tresna fisiko eta digitalak erabiltzen ditu. Adibidez, informazio panelak, euskaraz eta gaztelaniaz, Aiaraldeko hamaika dorretxeen ondoan. Haiekin baliabide bakoitza identifikatzen da eta informazio gehiago emateko QR bat jasotzen dute.
BNestalde, turismoa sustatzeko bi liburuxka argitaratu ditu, ibilbideen mapak eta hamaika dorretxeren eta Aiaraldeko museoen informazioa biltzen dutenak, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Liburuxka horietan, baliabideak bi ibilbidetan taldekatuta daude (Aiara-Artziniega eta Urduña-Amurrio-Laudio), eta liburuxkak laster egongo dira eskuragarri tokiko eta eskualdeko turismo bulegoetan.
Halaber, museoetadorretxeak webgunea, honako hauek biltzen dituena: bi ibilbideen mapak, Aiaraldeko dorretxeei eta museoei buruzko informazio historikoa eta bisita daitezkeen baliabideen informazio praktikoa. Baita sustapenerako ikus-entzunezkoa, aurkezpenetan eta sare sozialetan erabiltzeko sortua.
‘Museo eta dorretxeen ibilbideak’ Aiaraldeko hamaika dorretxeri buruzko informazioa eskaintzen du: Mendieta dorrea, La Cámara Orive-Salazar dorrea, Molinillo de Velasco dorretxea eta Bengoa dorretxea, Artziniegan; Kexaako Monumentu Multzoa eta Murga dorrea, Aiaran; Zaldivar etxea, El Puenteko gotorretxea, Artomaña dorretxea eta Mariaka dorrea, Amurrion; eta Ugarte dorrea, Laudion.
Eta atal bana eskaintzen die lau museori: Artziniegako Museo Etnografikoa, Santxotena Tailer Museoa eta Arte Sakratuaren Museoa; eta Amurrioko Licor Acha Museoa.
Proposamenean, halaber, Nerbioi Garaiko Bizkaiko herrietako bi museo sartu dira, Orozkoko Museo Etnografikoa eta Urduñako Museo Etnografikoa, BEPk Aiaraldea eta Nerbioi Garaiko Bizkaiko eskualdea barnean hartzen baititu.
Bestalde, turismo proposamen horren osagarri gisa, Arabako Foru Aldundiak, Aiaraldeko museoekin lankidetzan, eskualdeko museoen egoeraren, premien eta ahalmenen aurretiko diagnostiko bat bultzatu du, eta ekintza plan bat zehaztu du, Aiaraldeko Museoen Sarea sortzeko, museoen lehiakortasuna hobetzeko eta sustatzeko elkarlanean.