Bidaiari

EAEko hoteletako sarrerak %6,3 eta ostatu gauak %10 gehitu dira apirilean

Euskal Autonomia Erkidegoko hotel establezimenduek 337.339 sarrera eta 655.994 ostatu gau erregistratu dituzte apirilean, hau da, aurreko urteko hilabete berean baino %6,3 eta %10,0 gehiago, hurrenez hurren. Kontuan izan behar da aurten Aste Santua apirilean izan dela, eta iaz martxoan izan zela.

Hoteletako sarrerak igo egin dira apirilean.
Hoteletako sarrerak igo egin dira apirilean. (Getty Images)

Eustat euskal estatistika erakundeak jakinarazi duenez, apirilean izandako sarreren %50,1 eta ostatu gauen %50,8 atzerritik heldutako pertsonenak izan dira, eta %10,4 eta %11,9 gehitu dira, hurrenez hurren. Espainiako Estatutik etorritako sarrera eta ostatu gauak, bestalde, %2,6 eta %8,1 igo dira urte batetik bestera, hurrenez hurren.

Lurraldeka, Araban 42.751 sarrera eta 90.747 ostatu gau erregistratu dira, aurreko urteko apirilean baino %5,9 eta %8,3 gehiago, hurrenez hurren. Bizkaian, sarrerak %11,0 gehitu dira, eta ostatu gauak %14,8, 153.312 eta 291.268 zenbatetsi ondoren. Gipuzkoan 141.726 sarrera erregistratu dira, 2024ko apirilean baino %1,8 gehiago, eta 273.979 ostatu gau, aurreko urteko hil berean baino %5,8 gehiago.

Hiriburuen arabera, sarreren kopurua %4,8 igo da Gasteizen, %13,0 Bilbon eta %1,3 Donostian. Era berean, aurreko urteko apirilaren aldean ostatu gauak %8,0 igo dira Gasteizen, %15,3 Bilbon eta %4,9 Donostian.

Bestalde, EAEko hotel establezimenduetako batez besteko egonaldia 1,94 egunekoa izan da apirilean, 2024ko hilabete berean baino handiagoa (1,88 egun). Batez besteko egonaldia bidaiariek gaua igarotzen duten establezimendu bakoitzean batez beste igarotzen duten egun kopuruari dagokio, eta ez EAEn ematen duten egondaldi osoaren iraupenari.

Apirileko okupazio maila %58,9koa izan da EAEn plazen arabera neurtuta, eta %68,4koa logelen arabera neurtuta; iazko apirilaren aldean, %3,1 puntu igo da plazen araberako okupazio maila, eta %0,1 puntu jaitsi logelen araberakoa.

Errentagarritasuna, eguneko batez besteko tarifaren bidez neurtua eta bainugela duen logela bikoitz bati aplikatuta, 104,6 eurokoa izan da apirilean EAEn, hau da, %2,0ko igoera izan du aurreko urteko apirilaren aldean.

Errentagarritasuna 113,0 eurora iritsi da Gipuzkoan, 102,2 eurora Bizkaian eta 88,0 eurora Araban. Hiriburuetan aldeak handiagoak izan dira: 131,2 euroan kokatu da Donostian, 112,1 euroan Bilbon eta, azkenik, 73,2 euroan Gasteizen.

Logela eskuragarri bakoitzeko batez besteko diru sarrerak 71,5 eurokoak izan dira EAEko hotel establezimenduetan apirilean, aurreko urteko hil berean baino %1,8 gehiago.

Aste Santua

EAEko hotel establezimenduetan Aste Santuan zenbatetsitako sarrera kopurua %1,1 igo da aurreko urtearen aldean, guztira 52.302 izan baitira. Gainera, Aste Santuko sarrerak hileko sarrera guztien %15,5 izan dira. Aste Santua apirilaren 17tik 20ra egin da aurten, eta aurreko urtean, berriz, martxoaren 28tik 31ra.

Horrela, EAEko hotel establezimenduetan Aste Santuan, ostegunetik igandera bitartean zenbatetsi diren ostatu gauak 2024koak baino gehiago izan dira, eta aurtengo Aste Santuko 112.394 ostatu gauek %5,9ko igoera izan dute aurreko urtearen aldean.

EAEko okupazio maila %74,6koa izan da plazen arabera neurtuta eta %78,0koa logelen arabera neurtuta. Portzentaje horiek %1,1 puntuko igoera adierazten dute plazen kasuan, eta %0,4 puntuko jaitsiera logelen kasuan.

Plazen araberako okupazio maila %2,7 puntu jaitsi da Araban aurreko urteko Aste Santuarekin alderatuta, eta %1,2 puntu Gipuzkoan; Bizkaian, ordea, plazen araberako okupazio maila %4,6 puntu igo da. Logelen araberako okupazio maila %3,1 puntu jaitsi da Gipuzkoan, eta Bizkaian eta Araban, aldiz, %1,6 puntu eta %1,5 puntu igo da, hurrenez hurren.

Atzerriko pertsonen sarrerak guztizkoaren %45,0 izan dira, eta ostatu gauak %43,7; horien presentzia %15,4 eta %28,6 igo da 2024ko Aste Santuarekin alderatuta, hurrenez hurren. Espainiako Estatutik etorritako turismoak aurreko urtean baino balio txikiagoak izan ditu: sarrerak %8,2 gutxitu dira, eta ostatu gauak %6,9.

Lurraldeka portaera ez da homogeneoa izan. Araban %2,9 jaitsi dira sarrerak, eta Gipuzkoan %7,6; Bizkaian, berriz, %12,2 igo dira. Era berean, ostatu gauak %12,9 gehitu dira Bizkaian eta %2,2 Gipuzkoan, eta %3,3 jaitsi Araban.

Hiriburuen kasuan, Gasteizek %8,2ko jaitsiera izan du sarreretan eta %2,9koa ostatu gauetan. Donostian, aurreko urteko Aste Santuan baino %16 sarrera gutxiago izan dira, eta %2,9 gau gutxiago igaro dituzte. Azkenik, Bilbon sarrerak %15,5 gehitu dira, eta ostatu gauak %14,5.

Urtarrila-apirila

Bestalde, 2025eko urtarriletik apirilera bitartean sarrerak %2,1 eta ostatu gauak %3,4 gehitu dira EAEko hoteletan aurreko urteko aldi metatu beraren aldean.

Batez besteko egonaldia 2025eko lau hilabeteko tarte horretan 1,90 egunekoa izan da, eta aurreko urtean metatutako aldi berean 1,88 egunekoa izan zen.

Urteko lehenengo lau hilabeteetako okupazio maila %48,3koa izan da plazen arabera neurtuta, eta %58,6koa logelen arabera neurtuta, aurreko urteko aldi berean baino %0,1 eta %1,2 puntu baxuagoa, hurrenez hurren.