Bidaiari

Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko hiru tren jarriko ditu martxan asteburuan

Lurrun trenaren denboraldi erregularraren baitan, Burdinbidearen Museoak lurrunezko trenak jarriko ditu martxan. Larunbatean, maiatzaren 24an, 12:00etan eta 17:30ean abiatuko dira, eta igandean, berriz, 12:00etan.

Museoko estazioa.
Museoko estazioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko hiru tren jarriko ditu zirkulazioan asteburuan Azpeitiko nstalazioetatik Lasaora, lurrun trenaren denboraldi erregularraren baitan.

Euskotrenek jakinarazi duenez, azarora arte larunbatero eta igandero izango dira irteerak, eta asteburu honi dagokionez, trenak 12:00etan eta 17:30ean abiatuko dira larunbatean, maiatzaren 24an, eta 12:00etan igandean, maiatzaren 25ean.

Tren bilduma ikusgarria

Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren multzo onenetakoa du ikusgai bere instalazioetan, era guztietako ibilgailuekin: lurrunezko lokomotorrak, dieselak eta elektrikoak, automotorrak eta hainbat motatako bagoiak.

Era berean, Urolako Trenaren garai bateko tailerra tarteko, museoak Euskal Herriko makina-erremintaren multzorik osatuenetako bat du, bai eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen erakusgaiak eta munduko trenbide erlojuen bildumarik onenetakoa ere.

Gainera, Burdinbidearen Museoak gerra zibilean eta frankismoan esklabo gisa eskulanetan erabilitako presoen omenezko erakusketa iraunkorra ere eskaintzen du, zeinak erakusten duen nola 1937tik eta diktaduraren zati handi batean milaka gerrako preso eta, ondoren, preso arruntak erabili ziren herriak, azpiegiturak, errepideak, urtegiak eta trenbideak eraikitzeko.

Burdinbidearen Euskal Museoa 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era dago zabalik asteartetik ostiralerako lanegunetan, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era larunbatetan, eta 10:30etik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik).