«Inken zilar meatzeak» izan daitezkeenak aurkitu dituzte Perun
Arkeologia-talde batek XVI. eta XVII. mendeetako meatze-zentro inka bat eta espainiar bat aurkitu ditu Vilcabamba mendilerroan (Peru). Adituek uste dute «inken zilar-meategien» hondakinak izan daitezkeela.

Espedizioaren zuzendari Miguel Gutiérrez Garitanok ziurtatu du aurkikuntza. Haren ustetan, Oncoy eta Villa Rica de Argete herrien hondakinak izan daitezke.
Aztarna arkeologikoak Comballa mendian aurkitu dituzte. Uste dute Guamani eta Guamanapiko muino platifero historikoa izango zela, garrantzi handikoa, zalantzarik gabe.
Oncoy eta Argeteko Villa Rica
«Oncoyko hiri galduak (inkak) eta –horren gainean– Argeteko Villa Rica (espainiarra) meatze-herrixkak izan ziren. Haien gainean kokatu zuen Martin Hurtado de Arbieto jeneralak Vilcabamba eskualde osoko lehen hiriburu espainiarra. Horregatik uste dute «eskualde osoaren historia ulertzeko funtsezko aurkikuntza» izan daitekeela.
Alde batetik, egungo Vilcabamba herritik hego-mendebaldera dagoen 4.700 metroko muino batean egon dira lanean. Beste mendi batzuek inguratzen dute, hala nola San Cristobal eta San Lorentzo mendiak. Huamanapi harana osatzen dute ekialdean, Minaspata iparraldean eta Chalcha mendebaldean.
Eremu horretan, Comballa mendian eta tontorretik gertu dagoen inguru batean, Huayna Huarco izenekoan, aurkitu dira inkek eta espainiarrek ustiatutako zilar-meatzeak; Oncoy hiri inka; inken eta Espainiako meatze-populazioen ebidentziak; inken errepideko zati bat eta fraideen umiliazio-parajearena. Halaber, Comballa Andeetako apu (mendi sakratua) bat izan zela frogatuko luketen frogak ere aurkitu dituzte.
Bigarren lan-eremua Ushnuyoc haranean kokatu da, mendebaldeko isurialdean Quishuarpampa ibaiaren haranaren gainean hedatzen den mendi-pasabidea, Vilcabama eta Panpaconas haranak Patibambako Apurimac ibaiarekin lotzen dituen bide batean zehar.
Bertan, Chungi Loma herri gotortuaren, Quishuarpanpako nekropoliaren eta Tarteko Aro Berantiarreko herriguneen aztarnak aurkitu dira, 1000. urtetik 1450. urtera bitartekoak.
Taldeak hipotesi batekin jarraitzen du lanean: «Aparteko aurkikuntza baten aurrean egongo ginateke, meatze-zentro hori izan baitzen, mendeetan zehar, Vilcabambako hiriburu administratiboa».
Eta, gainera, XVI. mendeko azken urteetan, meategi garrantzitsua izan zen, handik ateratzen baitzen Cuzco eta Limako galdategietara birrindutako minerala, ondoren Espainiara, Mexikora eta Txinara abiatzen zena.