Bidaiari

Turkiak isuna jarriko die hegazkina gelditu aurretik altxatzen diren bidaiariei

Hegazkina lurreratu ostean segurtasun-uhalaren seinalea itzali baino lehen jaikitzeak, goiko konpartimentuak irekitzeak edo hegazkineko tripulazioaren iragarkiei jaramonik ez egiteak izunak eragin ditzakete hemendik aurrera Turkiako hainbat airelineatan.

Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Nagusiak hilaren hasieran jarri zuen martxan araua.
Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Nagusiak hilaren hasieran jarri zuen martxan araua. (Alxey Pnferov | Getty Images)

Turkiako hainbat airelineak, tartean Turkish Airlinesek, 80 eurorainoko isuna jarri ahal izango diete eserlekutik hegazkina gelditu aurretik altxatzen diren bidaiariei, Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Nagusiak berriki hartutako neurri baten ondorioz.

Lurreratu ostean segurtasun-uhalaren seinalea itzali baino lehen jaikitzeak, goiko konpartimentuak irekitzeak edo hegazkineko tripulazioaren iragarkiei jaramonik ez egiteak eragin dezakete hegazkineko arduradunek «bidaiari gatazkatsuen» sailkapena egitea, Turkish Airlineseko pilotu batek baieztatu duenez.

Arau-hauste horiek 1.500 eta 3.500 lira turkiar arteko isunak eragin ditzakete (34 eta 80 euro artekoak). Isuna kabinako tripulazioaren txostenaren arabera ezarriko da, eta lurreko zerbitzuei edo segurtasun-unitateei bidaliko zaie.

Hegaldiak 131 herrialdetara

Turkish Airlinesek, munduko airelinea liderretakoak, 300 helmuga baino gehiagoko hegaldiak ditu 131 herrialdetan. Neurri horrekin, segurtasuna eta kabinako ordena indartu nahi ditu.

Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Nagusiak hilaren hasieran jarri zuen martxan araua, bidaiarien kopuruak nabarmen gora egin zuelako eta «hegazkina erabat gelditu baino lehen jaikitzean edo mugitzean segurtasuna arriskuan jartzen dutelako».

Turkish Airlinesek araua onartu du jada, eta beste konpainia batzuentzat eredu izatea espero da.

«Gure ohiko iragarkiak hegaldien aurretik eta ondoren egiten ditugu. Irregulartasunik izanez gero, txosten bat prestatu eta aireportuko poliziari emango diogu», azaldu zuen pilotuak.