Bidaiari

Arkeologia Jardunaldietan, bisita gidatuak Iruña Veleiara eta Kuartangoko trikuharrietara

Europako Arkeologia Jardunaldietan, Arabako Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuek programazio berezia izango dute ekainaren 14 eta 15ean. Zeramika tailerra izango da Bibat Arabako Arkeologia Museoan, eta bisita gidatuak antolatu dira Iruña Veleiako aztarnategira eta Kuartangoko trikuharrietara.

Arkeologia Museoa.
Arkeologia Museoa. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Arabako Foru Aldundiak bat egin du aurten ere Europako Arkeologia Jardunaldiekin. Frantziatik sustatu zuten ekimena 2010ean, eta Europako Kontseiluaren babesa du, 20 herrialde baino gehiagotan arkeologia herritarrei hurbiltzeko asmoz.

Aldundiak jakinarazi duenez, aktiboki parte hartzen du ekitaldi horretan 2019tik, eta urtero ekaineko hirugarren asteburuan «iraganeko altxorrak ezagutzeko gonbidapena» egiten du, jarduera ireki, original eta parte hartzaileen bidez.

Ondare arkeologikoaren aberastasuna

Jardunaldien helburua da jendeari aukera ematea ondare arkeologikoaren aberastasuna, ondarea ikusarazten duten prozesuak eta ondarea ikertzen, kontserbatzen eta hedatzen duten profesionalen lana ezagutzeko. Gainera, ondarea babestu beharraren inguruko kontzientzia sustatu nahi da, eta arkeologiaren eremua publiko berriei zabaldu.

Aurten, Arabako Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuen programazio bereziaren barruan antolatu dira zeramika tailerra BIBAT Arabako Arkeologia Museoan eta bisita gidatuak Iruña Veleiako aztarnategira eta Kuartangoko trikuharrietara.

Foru erakundeak herritarrak animatu ditu lurraldeko arkeologia ondarea eta haren balio kultural, historiko eta sozial izugarria hurbiletik eta modu atseginean ezagutzera eta jardunaldiotan parte hartzera.