Gasteizko Erdi Aroko hirigunearen maketa interaktibo berritzailea, Villa Suso Jauregian
Gasteizko turismoa eta ondarea ezagutarazteko tresna berri bat aurkeztu du hiriko Udalak: Villa Suso jauregian modu iraunkorrean instalatuko den eta dibulgaziozko proiektu zabalago baten parte den Erdi Aroko hirigunearen maketa interaktiboa, eraikin enblematiko horri, bere ingurune historikoari eta Gasteizi balioa emateko.

Gasteizko Udalak dioenez, maketa esperientzia «multisentsoriala, irisgarria eta inklusiboa» eskaintzeko diseinatu da. 1:500 eskalan dago eginda, 1,60 x 1,15 metro neurtzen du, eta egiteko landare-jatorriko material jasangarriak erabili dira. 100 metro baino gehiagoko zuntz optikoa, 300 LED argi programagarri eta ukipen-pantaila bat ditu.
Aurkezpen ekitaldian Maider Etxebarria alkateak nabarmendu zuen baliabide berria beste urrats bat dela hiriak turismo irisgarriarekin, inklusiboarekin eta teknologikoki berritzailearekin duen konpromisoan. «Gasteizko bihotza ezagutzeko, esploratzeko eta gozatzeko modu berria izango da. Gasteiz nola sortu zen, nola hedatu zen eta mendeetan zehar bere jatorrizko ibilbidea eta nortasuna mantentzen nola jakin duen ulertzeko modu berria», azaldu zuen.
Maketak ukipen-terminal adimendunen bidez Erdi Aroko hiriguneko eraikin, kale eta monumentuei buruzko azalpen audioak aktibatzeko aukera ematen duen teknologia tiflologikoa erabiltzen du. Informazioa lau hizkuntzatan ematen da (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez), baita zeinu-hizkuntzan ere.
Horretarako, ukipen-pantaila bat du, eta erabiltzaile bakoitzaren profilera egokitutako ikusizko eta entzunezko menuen bidez sar daiteke bertara.
Diseinu eta eraikuntza prozesuetan hainbat esparrutako (arkitektura, 3D diseinua, arte ederrak, fabrikazio digitala eta robotika) zortzi profesionalek osatutako taldeak egin du lan. Azken emaitza José Ramón Díaz de Durana Erdi Aroko Historiako katedradunak eta Ismael García-Gómez Arkeologiako doktoreak abalatu dute.
Dibulgazio-zentroa
Erdi Aroko Hirigunearen maketa Udalak hiriaren eta eraikinaren beraren alderdi historikoak modu didaktikoan komunikatzeko Villa Suso jauregian bultzatuko duen erakusketa- eta dibulgazio-proiektu zabalagoaren ageriko lehen elementua da. Horretarako, jauregiak azken belaunaldiko beste baliabide didaktiko eta digital batzuk izango ditu aurki: errealitate areagotua, errealitate birtuala eta holografiak. Horrez gain, Erdi Aroko Almendratik Zabalguneraino Gasteizen bilakaera ulertzeko, informazio-panelak izango ditu.
Proiektu horren barruan, eraikinak orain arte itxitako espazioak bisita gidatuetarako irekiko ditu, hala nola Martin de Salinas aretoa, ojiba-aretoak eta kanpoko lorategia. Halaber, balkoira irtetea errazteko aukera aztertzen ari dira, hiriaren ikuspegi pribilegiatuez gozatu ahal izateko