Bidaiari

Arabako parke naturaletan, astronomia eta fauna landuko dituzte udan

Astronomiari eta faunari buruzko gaiak jorratuko dituzte Arabako parke naturaletan uztaileko eta abuztuko asteburuetan eta jaiegunetan egingo diren hamaika jardueratan, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Aizkorri-Aratzeko parke naturala.
Aizkorri-Aratzeko parke naturala. (Getty Images)

Uztaileko eta abuztuko asteburuetan eta jaiegunetan, astronomiari eta faunari buruzko gaiak jorratuko dira Arabako parke naturaletan.

Aizkorri-Aratzeko parke naturalean, adibidez, eremu babestuko anfibioak eta narrastiak ezagutzeko bisita gidatua egingo da uztailaren 6an. Parke naturalek Ataria Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroarekin batera antolatzen duten agenda partekatuaren parte da ekimena, eta autobusez abiatuko da Ataritik, hainbat leku gune interesgarri bisitatzeko.

Hegaztiak ere izango dira protagonista Aizkorri-Aratzen, eraztuntze zientifikoko lantegi bat egingo baita uztailaren 22an Araiako Parketxean.

Bike birding

Hegazti zaleek beste aukera bat izango dute fauna talde horretaz gozatzeko bike birding jarduerekin, uztailaren 12an eta 19an, Izkiko parke naturalean. Bizikleta elektrikoz egingo da bisita gidatua, parke naturalaren inguruan, beti prismatikoak aldean, gida aditu batekin. Bisita Antoñanako Vasco-Navarro Trenbideko Interpretazio Zentroan hasiko da.

Urteko gertaera astronomiko garrantzitsuenetako batekin lotutako jarduerak ere izango dira, hala nola pertseidak edo Done Laurendiren Malkoak behatzea. Aurten, jarduera hori Saturno eta Jupiter behatzearekin osa daiteke. Valderejon, abuztuaren 9rako dago programatuta jarduera, eta Izkin, abuztuaren 14rako.

Jarduera guztiak doakoak dira, eta parke naturalen web orrien bidez eman behar da izena: Valderejoko parke naturala, Izkiko parke naturala eta Aizkorri-Aratzeko parke naturala.