Londresek terraza gehiago izango ditu udan aire zabalean jan eta edan ahal izateko
Londresek oinezkoentzako gune berriak izango ditu udan, aire zabalean jateko eta edateko, Brixton, Leyton, Shoreditch eta West End auzoetan, ostalaritza sektorea suspertzea helburu duen 300.000 liberako udal funtsari esker.

Londresko alkate Sadiq Khan laboristak Udako Kaleak programaren lehen fasea iragarri du. Horri esker, irekiera ordutegiak zabalduko dira eta autorik gabeko guneak sortuko dira Britainia Handiko hiriburuko kale esanguratsuetan.
«Pozik nago uda honetarako aire zabaleko lehen guneak iragarriko ditudalako, londrestarrei eta bisitariei hiriaz ahalik eta gehien gozatzeko aukera emango dietenak. Ekimen hauek bizitza komunitarioa sustatzen dute eta tokiko ekonomia dinamizatzen dute», adierazi du.
Terrazen ugaritzea Londresen erregistratutako udarik beroenetako batekin bat dator. Egun eguzkitsuak asko dira eta laster 30 gradutik gorako tenperaturak espero dira.
St. Martin's Lane
Shoreditch-en, modan dagoen gunean, Rivington eta Redchurch kaleetako tabernek terrazetan zerbitzatu ahal izango dute gauerdira arte asteburuetan, trafikoa debekatuko baita.
Hegoaldeko Brixton auzoan, berriz, 400 aulki eta 80 mahai gehituko dira 400 m²-ko oinezkoentzako gunean hainbat asteburutan. Azokak, zuzeneko musika eta tailerrak antolatuko dituzte.
Leytonen, hiriaren ekialdean, trafikorik gabeko ordutegiak zabalduko dira, merkatuak, kale-jokoak eta kultura-ekitaldiak hartzeko.
Alkateak adierazi duenez, neurri hauek «hasiera baino ez dira»; izan ere, bere asmoa da «hiri osoan zabaltzea aire librean gozatzeko aukera».
Ostalaritzak, aisialdiak eta turismoak 46.000 milioi libera baino gehiago sortzen dituzte urtean, eta hamar enplegutik bat Londresen. Uda honetan bost milioi turista baino gehiago hartzea aurreikusten da.