Bidaiari

Baltzola eta Mairulegorretako haitzuloak, bi harribitxi Gorbeiaren magalean ezkutatuta

Gorbeiaren magalean ezkutatuta, bi harribitxi daude lur azpian: Baltzola eta Mairulegorreta, benetako paradisu naturalak gordetzen dituztenak. Jentilak, Mari, Sugoi... Geologia eta mitologia uztartzen dituen lurralde magikoa da.

Baltzolako inguruak.
Baltzolako inguruak. (FOKU)

Jakina da Gorbeiaren kanpoaldeko paisaia ederra dela, baina batzuek ez dakite lurpean ere txoko ikusgarriak dituela ezkutuan. Izan ere, Gorbeia mendiaren mendilerroan, Bizkaia eta Araba artean (gaur egun Parke naturala), zonaldeko kobazulo esanguratsuenak aurkitzen dira. Besteak beste, Baltzola eta Mairulegorreta, benetako paradisu naturalak gordetzen dituztenak.

Baltzolaren kasuan, Indusi udalerritik abiatzea da egokiena, bertan baitago Baltzolako kobazulorantz eramaten duen bidea. Ibilbidean dago Axlor haitzuloa, Mousteriense garaiko material arkeologiko eta faunistiko aberatsa gordetzen duena; Jentil Zubi izenez ezagutzen den arkua, aintzinako kareharrizko kobazulo batean erosioaren eraginez geratzen den formazio bakarra; eta Baltzolako kobazuloa, Sugoiren etxea, lurpeko ibai, estalaktita eta estalagmitaz osatua, eta geologia eta mitologiaz zipriztindutakoa.

Jentil Zubia

Izan ere, Jentil Zubia gizakiek eraiki zuten baina ez edonolako gizakiek, jentilek baizik, Euskal Herriko mendietan bizi ziren naturaz gaindiko indarreko erraldoiek.

Halaber, Gorbeiaren magalean, Euskal Herriko zorupean hobekien gordetako altxorretako bat dago: Mairuelegorretako haitzuloa. Zuloz jositako labirinto ikusgarria da, hamabi kilometrokoa. Mariren bizilekuetako bat eta espeleologia praktikatzeko lekurik onenetako bat. Gainera, aztarnategi paleontologiko garrantzitsuak ditu.