Bidaiari

Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko lau tren jarriko ditu martxan asteburu luzean

Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko lau tren jarriko ditu martxan datozen egunetan Azpeitiko instalazioetatik Lasaora, lurrun trenaren denboraldi erregularraren baitan.

Urolako bagoi bat.
Urolako bagoi bat. (Lander Fernandez de Arroyabe | FOKU)

Euskotrenek jakinarazi duenez, tren irteera bat izango da ostiralean, uztailaren 25ean, 12:00etan, bi larunbatean, uztailaren 26an, 12:00etan eta 17:30ean, eta beste bat igandean, uztailaren 27an, 12:00etan.

Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren multzo onenetakoa du ikusgai bere instalazioetan, era guztietako ibilgailuekin: lurrunezko lokomotorrak, dieselak eta elektrikoak, automotorrak eta hainbat motatako bagoiak.

Era berean, Euskadiko makina-erreminta multzorik osatuenetakoa eskaintzen du Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez, eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten laginak ditu.

Urtean zehar milaka bisitari jasotzen dituen museoaren irekiera ordutegia 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era da udan asteartetik larunbatera, eta 10:30etik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik).

Historia

Urolako trena Estatu espainoleko burdinbide elektrikoen artean lehenetarikoaizan zen, eta, 1926an inauguratu zenetik, aldaketa handirik gabe mantendu zen zerbitzuan, bai egiturari zein material mugikorrari dagokionez. 1986an zerbitzua eten zen eta, bi urte geroago, behin betiko itxi zen, horren ondoren trenbidea museo bilakatuta.

Euskal geografian zehar XX. mendearen hasieran sortutako eta mende horren amaiera aldera itxitako burdinbide asko jatorri zuen material ugari jaso zen. Museoa 1992an sortu zen eta 1994an ireki zen publikora, Juanjo Olaizola Elordi burdinbideen historialariak bultzatuta