Bidaiari

‘Euskararen enigma’, Geoparkearen bisiten artean

Geoparkeak garapen jasangarrirako estrategien aldeko apustua egiten duten lurraldeak dira, beren balio natural eta kulturaletan oinarriturik. Asmo horiek Zumaia, Deba eta Mutrikuko herrietan praktikan jartzeko espirituarekin eratu zen Euskal Kostaldeko Geoparke. Eta helburu horrekin bisitak antolatzen ditu.

Baratzazarrak behatokia.
Baratzazarrak behatokia. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Kostaldeko Geoparkean baliabide naturalei balioa emateko helburuarekin dihardute lanean, bereziki eremu geologikoari, «baina baita gure lurraldearen kultura propioari ere». «Geure ondarea babestu nahi dugu belaunaldi berriei uzteko», diote arduradunek.

Horretarako, bisita gidatuen programa dute prestatuta, ondarea ezagutarazteko erremintarik eraginkorrena dela uste dutelako. Hori osatzen duten hainbat bisita gidaturen bidez ondare geologikoaz gain, bertako kultura eta tradizioak ezagutzeko aukera eskaini nahi die bisitariei nahiz bertakoei.

“Euskararen enigma”

Eta, hain zuzen ere, kultura eta tradizio horiek ezagutzeko bereziki egokia den bisita gidatu bat eskaintzen du Geoparkeak Zumaian, “Euskararen enigma” izenekoa. «Europako kulturarik antzinakoenetakoa ezagutu eta gure kontinentean zaharrenetakoa den hizkuntzaren bitxikeria batzuk jakiteko aukera bakarretakoa munduan», diote.

Euskal kulturaren, hizkuntzaren, mitologiaren, kirolaren eta tradizioen alderdirik ezezagunenak deskubrituko ditu bisitariak Zumaiako alde zaharrean egiten den bisita gidatu honetan. Eta, gainera, bisita egoki amaitzeko, «hemen bakarrik egin daitekeen zerbait egingo da: elkarte gastronomiko batean hamaiketakoa!!»

Dena dela, Geoparkeak hamaika ibilbide eta bisita antolatzen ditu. Beraz, komeni da aldez aurretik egitarau zabala begiratzea, egokiena eta gustokoena aukeratu ahal izateko.