Urrelur, Mineralen eta Fosilen Museoa
1987an zabaldu zituen ateak Urretxuko Urrelur, Mineralen eta Fosilen Museoak. Herriko kultur etxean kokatuta, mila mineral baino gehiago eta bost kontinenteetatik jasotako fosilak ditu ikusgai. Beraz, familia giroan egiteko plan egokia eskaintzen du.

«Gauza askoren berri ematen digute mineral eta fosilek. Lurra osatzen duen materiaz, elementu kimikoez eta munduaren bilakaeraz mintzatzen zaizkigu, besteak beste. Horrez gain, erakargarria da erabat harri askoren edertasuna». Urrelur Mineralen eta Fosilen Museoaren webguneko aurkezpenak ongi laburbiltzen eta jasotzen du Urretxuko museoak bisitariari eskaintzen diona. Egia esan, horren guztiaren berri jasoko dute bertara hurbiltzen direnek, Natur Zientzien mundu interesgarrira hurbiltzeko aukera paregabea izango baitute.
Nicolas Aguado jaunak Urretxuko Udalari utzitako bilduma pribatua oinarritzat hartuta sortu zen 1987an Urrelur, estatu mailan mineral eta fosil erakusketa garrantzitsu eta handienetakoa bihurtu dena. Bisitariak mundu guztiko fosilak ikusi ahal izango ditu.
Urrelur Urretxuko Aizpurunea kultur etxeko beheko solairuan dago kokatuta. Bi zati bereizten dira: bata, mineralei dagokiena, 1.000 piezatik gora katalogatuta dituena eta konposizioaren arabera hamaika taldetan sailkatuak daudenak; eta bestea, fosilei dagokiena, bost kontinenteetatik jasoak eta kronologikoki jarriak. Gainera, erakusketak harkaitzei eskainitako txoko berezia du.
Mineralogia eta paleontologia Astea
Gainera, museoak Urrelur mineralogia eta paleontologia Astea antolatzen du urtero, azaro bukaeran edo urria hasieran. Mineralogia eta paleontologiaren inguruko hainbat eta hainbat kultura jarduera egiten dira: txangoak, hitzaldiak, tailerrak, mineral, fosil eta harribitxien feria, erakusketa monografikoak, mineralen haur parkea… Dagoeneko berezko nortasuna du eta mundu osoko zaletu eta adituak hurbiltzen dira herrira.
Bildumazaleen ikurra eta topagune bihurtuta, benetako bitxikeriak aurkitu eta erosteko aukera paregabea eskaintzen du. Haurrek ere ongi pasatzen dute, tailer didaktikoak antolatzen dituztelako.