Bidaiari

Santa Luzia, ermita handia Zalloko artadian

Bizkaitik igarotzen den Donejakue bidearen itsasaldeko zatiak paisaia eta eraikin historiko ikusgarriez gozatzeko aukera eskaintzen du. Horietako asko erlijiosoak dira. Behin baino gehiagotan bide nagusietatik kanpo dauden ermitak paisaia aldaezin horretako protagonista apal bihurtzen dira. Bidean Santa Luzia dago.

Santa Luzia.
Santa Luzia. (ermitasdebizkaia.com)

Bizkaiko Eleiz Museoak horrela kontatzen du Santa Luziaren bizitza: Siziliako neska gaztea zen Luzia. Diokleziano enperadorearen garaiean (304. urtean) bere senargaiak kristaua zela salatu ondoren, jainko erromatarrei sakrifizioak egiteari uko egiteagatik martirizatu eta burua moztu zioten. Martirioa pairatzen zuen bitartean, begiak atera zizkioten (beste bertsioen arabera, hark berak bere buruari begiak atera eta senargaiari bidali zizkion, erretiluan).

Hori dela eta, itsuen patroia eta bista-gaitzak dituztenen aldeztatzailea da. Honela irudikatu ohi dute: ezpata bat, lepoa zeharkatzen diona, bere hiltzearen ikurra; palma, martirioaren ikurra; olio-lanpara; eta, ohikoena, begi bi erretiluan daramatzalarik.

Gaur egun, Santa Luzia ermita Lumoko Done Petri parrokia-ordea da. Historian zehar, parrokia horren patronatuaren zatia izan da. Ugazabek, Mezeta etxeko Allende Salazar jaun-andreek, Montefuerte kondeek, hamarrenak (zergak) kobratzen zituzten, ermitako patroiak ziren heinean.

Ohi baino handiagoa

Bertaratzen den bisitaria ohartuko da ohi baino handiagoa dela ermita. Oso estruktura xumeko eraikina da: oinplano angeluzuzena, zuritutako harlangaitz-hormak eta hiru isurkiko estalpea. Teilatua zurezko beso luzeko zutikoen gaineko habeen gainean dago. Beso horietako batzuek XVI. mendeko ohiko apainketak dituzte, hala nola, zirien ordez erabitzen ziren zurezko kabilak.

Santa Luziaren egunean, abenduaren 13an, meza berezia eskaintzen dute ermitan. Hala ere, normalean egun horretan eguraldi txarra egiten duenez, herriko ospakizunak (meza kantatua eta erromeria) Done Laurendiren egunean (Abuztuak 10) egiten dira. Antzina, biharamunean (Abuztuak 11), auzoko hildakoen aldeko meza ematen zen. Lehorraldietan Done Laurendiren irudia atera, prozesioa eta erreguteak egiten ziren, euria eskatzeko. Zeruratzearen (berrogei egun Pazko-domekaren ostean) aurreko eguaztenean, ohikoa zen ermitara gerturatzea. Meza eman eta ura bedeinkatzen zen, joandakoek etxera eramateko.

Ermitan San Markosen irudirik egon ez arren, ebanjelista horren egunean (Apirilak 25), ohikoa zen ermitara etortzea otoitz egitera, soroak bedeinkatu ostean. Orduan, hurrondo-gurutzeak bedeinkatu eta eliztarren baratzeetan kokatzen zituzten, uzta onak lortzearren.

Eraikinari dagokionez, kanpoaldeko elementurik aipagarrienak ermita eraiki zuten garaikoak dira; hau da, XVI. mendekoak eta, beraz, eraikinaren elementu antzinenak: ojiba-arkuko atea eta hiru lobuloko bao bik osatutako ojiba-arkuko leihoa. Bao horien gainean, maskuri-formako apaingarri ohikoak daude.

Ermitako alboan idi- eta gizon-probak egiteko probalekua dago. Normalean, Done Laurendi egunean egiten dira.

Barrualdea

Ermitaren barrualdeari dagokionez, berriz, erretaula klasizista dago, 1650 alderakoa, Foruko tailerrean eginda. Erretaulu horren erdian, Santa Luziaren irudia dago, garai berekoa. Martirioa pairatu zuela adierazten duen palma darama. Luziak eta ezkerreko eskua luzatzen du; antza, bere martirioaren ikurra darama esku horretan: begiak edukitzen dituen erretilutxoa.

Erretauluaren goiko aldean hiru irudi daude: Done Laurendi barrokoa, XVIII. mendekoa, diakonoz jantzita eta bere martirioaren ikurrak (palma eta parrilla) daramatzalarik. Laurendi beneratua da, oso, Santa Luzia ermitan. Irudi horren alboan, Ama Birjina, Kristo hilda magalean duelarik; hau da pietatearen irudia. Gotikoaren bukaerakoa da, XVI. mendearen hasierakoa. Azkenik, Santa Marinaren irudi gotikoa dago, XIV. mendekoa, eskuineko eskua luzatuz eta ezkerrean liburu itxia daramalarik. Santuak lotura estua du Donejakue bidearekin.