Gorbeia izan da Bizkaiko parketxe bisitatuena
Armañongo, Gorbeiako eta Urkiolako parke naturaletako parketxeek 20.860 bisita jaso dituzte aurtengo lehenengo sei hilabeteetan, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako kalkuluaren arabera. Hiru interpretazio-zentroetatik, Gorbeia izan da bisitatuena (8.062 bisitari); ondoren, Armañon (6.764) eta Urkiola (6.034).

Bizkaiko parketxeetako bisita gehienak (%69,2, hots, 14.450) lanegunetan izan dira; jaiegun, zubi edo asteburuetan, berriz, 6.410 bisitari izan dituzte. Aurten ere, parketxeak lanegunetan bisitatzen dituzten gehienak hezkuntza-programetan parte hartzen duten ikasleak dira, eta pisu handia dute guztizko bisitari kopuruan.
2025eko lehenengo sei hiletan, Bizkaiko zenbait ikastetxetako 8.873 ikaslek parte hartu dute parketxeetako langileek antolatutako ibilbide didaktikoetan. Ibilbide horiek aukera ematen dute lurraldeko parkeen balio naturalak eta kulturalak modu praktikoan eta hezigarrian ezagutzeko, eta euskara da hizkuntza nagusia.
Urkiolako parketxeak jaso du ikasle gehien (3.180), eta, ondoren, Gorbeiakoak (3.093) eta Armañongoak (2.600).
Ikasleez gain, parketxeek 3.951 bisitari jaso dituzte talde antolatuetan (elkarteak, talde kulturalak edo txango gidatuak). Zehazki, Armañon (1.769), Gorbeia (1.107) eta Urkiola (1.075).
Bestalde, 8.036 bisitari banaka edo familia- edo lagun-talde txikietan joan dira parketxeetara; Gorbeiakoak jaso du mota horretako bisita gehien (3.862), eta, ondoren, Armañongoak (2.395) eta Urkiolakoak (1.779).
Bisitarien profila
Parketxeetara joan direnen profila ez da aldatu aurreko urteetatik. Armañonen eta Urkiolan, bisitari gehienak Euskal Autonomia Erkidegokoak dira, batez ere Bizkaikoak. Familia, bikote edo lagunen bisitak dira; batez ere, gaztelaniaz mintzatzen dira, eta 30 eta 60 urte bitartekoak izaten dira.
Gorbeian, berriz, estatuko turista gehiago daude, baina bizkaitarrak ere nagusi dira. Bikoteak dira bisitari mota ohikoenak, eta gaztelania da gehien erabiltzen den hizkuntza.