Aizpeako meategia, Burdinaren Mendia
Jakina da Euskal Herriko Historian zehar burdinaren ustiapenak izan duen garrantzia. Zerainen, bereziki, sekulako eragina izan du. Horregatik merezi du Aizpeako meategia, Burdinaren Mendia, ezagutzea.

Zeraingo Turismo Sailaren webguneak Burdinaren Mendia ezagutzera gonbidatzen du.
Lehen lehenik, burdinak herrian izan duen paper garrantzitsua eta eragina azaltzen du, labur eta argi: «Euskal Herriko Historian garrantzia handia izan du burdinaren ustiapenak. XI. mendean hasi eta mendeetan zehar, Aizpeako meategietako 150 hektarea zabaletan, burdina ustiatu da. Ustiaketa honi esker, inguruan paisaia berezia garatu da; burdinaren lurrekoa».
Aizkorri Aratz Parke naturalean kokatuta, Burdinaren Mendia bezala ezagutzen den Aizpeako meategia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Monumentu Multzo izendapena du. Tokiaren balioa ezaguna den arren, azken urteetan hainbat ikerketa jarri dira abian informazio eta datu gehiago lortzearren.
Hau guztia jasotzeko eta bisitariei erakusteko Aizpittako Adieraztegia sortu dute, burdinaren mendiaren historia zein burdinaren prozesua era erakargarrian azaltzen duena.
Bisita gidatuak
Larunbat eta igande goizetan, bisita gidatuak egiten dira, beti ere aldez aurretik erreserbatuta. Gutxienez, 48 orduko aurrerapenarekin egin beharko da eta gutxieneko talderik (6 pertsona) sortzen ez bada bertan behera geratuko da. Honako hauek dira ordutegiak: Aizpeako Meategiak (euskaraz, 10:45); Larraondoko Zerrategia (elebiduna, 12:00) eta Aizpeako Meategiak (gaztelaniaz, 12:45). Hala ere, taldeentzat asteko edozein egunetan bisita gidatuak aurrez erreserba eginda ere antolatu daitezke.
Libreki Aizpitta adieraztegia bisitatu nahi izanez gero, Aste Santutik urriaren 12ra arte hilabeteko lehenengo asteburuan (10:45-13:30), irekita dago, bisita gidaturik ez badago.
Historia guztia eta burdingintzaren prozesua ezin hobeki azaltzen dute Aizpittako Adieraztegiko aretoek, ikus-entzunezko eta erakusgela modernoen bitartez. Euskal Herrian, Zerainen eta inguruetan izan duen garrantziaz ohartarazten lagunduko dio bisitariari. Gaur egungo paisaian, bertako ekonomian, gizartean, arlo soziokulturalean eta abarretan nolako eragin izan duen ere azpimarratzen du.
Aizpeako meategien lehenengo erreferentziak XII. mendera garamatza, eta ordutik hasita, 1951. urtean gaur egun ikus daitezkeen labeak itxi ziren arte, burdin meategiak oso lotuta egon dira Zeraingo herriarekin.
Mende hauetan guztietan zehar jardun zabala izan dute meategiek eta jauntxoen esku izatetik, ingelesen menera aurrenik eta alemaniarrenera gero izan ziren Aizpeako meak.
Aztarna interesgarri ugari
Burdinaren Mendiak meagintzaren aztarna interesgarri ugari gordetzen ditu: lurrazpiko galeriak, lokomotoraren errailak…
Lur azaleko minerala amaitu zenean, mendian galerietatik hasi ziren burdina ateratzen. Gaur egun, Burdinaren Mendian, 200 galerietatik gora aurki ditzakegu. Hauetatik bakar bat, ‘polborina’ bezala ezagutzen dena, bisita liteke.
XX. mende hasieran industria iraultzaren ondorioz, burdinaren beharra hazi egin zen, eta behar hari erantzuna emateko burdina ekoizteko instalazio berriak egin ziren. Instalazio hauen inguruan burdinaren ustiapenerako prozesu osoa ikusi liteke. Bertan ditugu burdina karbonatu eta ikatz biltegiak, kiskalketa labeak, kargalekua, galeriak, etab.
Gainera, Burdinaren Mendian zehar, hainbat ibilbide egiteko aukera eskaintzen da. Ibilbide hauetan, bertako ondarea eta paisaia azaltzen duten hainbat informazio mahai daude, hala nola:
-Lurpean lanean
-Lurrazaleko harrobiak, mineral iturri.
-Egur ikatza, garai bateko petrolioa
-Begira basoa, etengabe garatzen ari da
-Basoko zuhaitz hilak arkanbelearen bizia.
-Gure paisaia, baserritarren maisu lana.
-Gure saguzarrak, ez itsu ez odol zurrupatzaile.
-Hagina, pozoia eta sendagaia zuhaitz berean.
-Okila, basoko beste animalientzat etxegilea.
-Herrestabidea, mea labera di-da batean.
-Perretxikoak, lurpeko onddoen fruitua.
-Konpainia ingelesak eraikitako lurrun trenak XX. mendea ekarri zuen Zeraina.
-Alemaniako diruak burdin bide berria eraiki eta diesel trena ekarri zuen.
-Labeetan burdina mea kiskaltzen.
-Aizpea meategia.