Bakearen Museoa, Gernikako «derrigorrezko bisita»
Gernikako Bakearen Museoa «derrigorrezko bisita» du Bizkaiko herrira hurbiltzen denak. Hori dio, behintzat, bertako turismo bulegoak. Bakeari buruzko sarrera bat egin ondoren, 1937ko apirilaren 26ra eramaten du museo interaktiboak bisitaria, zehazki, bonbek eta suak herriko kaleak hondakin bihurtu zituzten egunera.

Gernikako Bakearen Museoa hainbat gelaz osatuta dago. Gainera, ezbehar latz hartatik bizirik atera zirenek kontatutako ikus-entzunezko hunkigarriak ere ikusi eta entzun ahal izango ditu bisitariak.
Erakusketa iraunkorra bi solairutan banatuta dago. Lehenengoak ‘Zer da Bakea?’ galdera du ardatz: «Bakeari buruzko ideia, kontzeptu, pentsamendu eta ikuspuntu ugari, eta, bereziki, ideia garaikide bat, non bakea, gatazkak konpontzeko helburuarekin, berez sortzen den modu positiboan pertsonen arteko harremanetan. Bakearen historiak ez du zertan gatazken amaieraren historia izan».
‘Zer gertatu zen Gernika-Lumon bakerik gabeko une batean?’. Lehen soilaruan jorratzen den beste galdera da. Eta horren inguruan honako hau zehazten du Turismo webguneak: «Gernika-Lumoko historiaren eta Espainiako Gerra Zibilaren irakurketa, bonbardaketaren gertakaria eta gertaera tragiko hartatik bizirik atera zirenek beren erasotzaileekin adiskidetuz eskaintzen diguten bake-lezio eredugarria, baita mundu mailako beste adiskidetze eta bake-bitartekotza batzuk ere».
Ikus-entzunezko hunkigarria
Eta, azkenik, Gernika-Lumoko bonbardaketa irudikatzen du museoak, 1937ko apirilaren 26an Gernika-Lumoko etxe bateko jantokian girotutako ikus-entzunezko baten bidez (aretoa 3D formatuan).
Ikusentzunezko hunkigarria da, tragediari eta suntsipenari buruzko hausnarketa egitera gonbidatzen duena, baina baita «itxaropenari, bizitzari eta Ipar Irlandan, Hegoafrikan eta beste herrialdetan sortutako adiskidetze-prozesuei buruzkoa ere»
Bigarren solairuan, berriz, Gernika-Lumoko bonbardaketaren lekukoek bizitakoa kontatzen dute ikus-entzunezko hunkigarrien bidez. Erakusketa honetan, hainbat unetan jasotako testigantzak erakusten dira: William Smallwoodek (Egurtxiki) 70eko hamarkadan bildutakoak eta Gogora Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak 2018an bildutakoak.
‘Zer gertatzen da gaur egun giza eskubideekin munduan?’ da hurrengo galdera. Kasu honetan museoak munduaren inguruan egindako begirada bat eskaintzen du, Picassoren ‘Guernica’ren bitartez, giza eskubideei buruzko hausnarketa baten bidez, munduko egungo bakearen egoera behatzeko ikuspegi gisa.