Zugaztieta, aisia eta memoria gune
Zugaztieta aisiarako gune bihurtu da. Egia esan, bertara hurbiltzen den bisitariak historiaz, paisaiaz eta gastronomiaz gozatzeko aukera paregabea izango du. Eta are gehiago disfrutatuko du Larreinetako funikularrean igotzen bada.

Zugaztietak hamaika aukera eskaintzen ditu bisitaz gozatzeko. Hala ere, lehenik, bertako historia ezagutzea lagungarri izan daiteke. Turismo sailak ongi azaltzen duenez, «meatzarien herri ohiaren inguruan, burdina erauzten zuten, baina gero meategiak ureztatu zituzten eta aintzira artifizialak dira gaur egun; arrantzan egiteko aproposak dira; ez, ordea, bainua hartzeko».
Aipatutako iturriak zehazten du meatze-herrixka Trianoko mendietan dagoela, Trapagaran udalerriaren goiko aldean, erdigunetik 7,5 kilometrora. Bihurgunez betetako errepide bati jarraituta iritsiko da bisitaria bertara. Halere, gomendagarria da Larreinetako funikularra hartzea. Meatzariek lanera joateko erabiltzen zuten garraiobidea da. 1926an inauguratu zen herria Trapagarekin lotzeko eta Bilboko Abraren panoramika paregabea eskaintzen du. Funikularrarekin, orain 10 minutuan egiten den distantzia egiteko ordu eta erdia behar zen lehen.
Hori dela-eta, ezinbesteko bihurtu zen Zugaztieta herrixkan bizi ziren meatzarien eguneroko bizitzarako. Balio historikoa eta gizarte funtzioak nabarmendu behar dira, baita diseinuaren egokitzapena ere. Izan ere, pertsonen garraiorako ez ezik, mea kargatzeko eta ibilgailuekin ibiltzeko egokitu behar izan zen.
Aisialdirako guneak
Larreinetatik kilometro batera dago Zugaztieta. Bertan, aisialdirako hainbat gune, kirol instalazioak (futbol-zelaia, frontoia...) eta Bizkaiko Aldundiaren aterpetxe bat daude. Halaber, Peñas Negras Ingurumen Interpretazioko Zentroa dago, non ongi zehaztutako ibilaldien gaineko informazioa lor daitekeen, naturguneaz gozatzeko eta burdin-meatzeen aurriak ikusi ahal izateko.
Gastronomiari dagokionez, hamaika aukera daude Zugaztietan hitzordu gustagarriez gozatzeko, baina komeni da kontutan hartzea oso ohikoa dela babarrunak jatea. Egia esan, aukera hau hautatzen dutenak ez dira damutzen.
Meatzarien etxebizitza
1870eko hamarkadaren erdialdean, Trianoko mendietako meatzeen ustiaketak langile asko eta asko erakarri zituen, eta Zugaztietako auzunearen biztanleen kopurua halako hamar handitu zen, berrogei urteren buruan. Horren ondorioz sortutako azpiegituren gabezia zela eta, premiazko egoera horrek baldintzatuta sortu ziren bizileku beharrak.
Horrela sortutako etxebizitza motetako bat egurrezko oholez eraikitako etxeak ziren; izan ere, haien materiala erraz berrerabil zitekeen, enpresak lurzorua eskatzen bazuen meatzea handitzeko. Horietako bakoitzean hiru familia bizi zitezkeen elkarrekin, sukalde bera partekatuz.
Egun, ikusgai daude. Berreskuratutako meatzaritza etxebizitzaren atetik bisitaria sartzen denean, familia haien egunerokotasuna nolakoa zen ezagutuko du. Iraganera bidaia egingo du.