Bidaiari

Larreinetako funikularrean, panoramika opari

Larreinetako funikularrak eskaintzen duen esperientzia bereziaz gozatu nahi duenak Zugaztietako meatzarien herrixkatik kilometro batera dagoen geltokira joan beharko du. Bai bidean, bai helmugan, panoramika ikusgarria izango du aurrez aurre.

Larreinetako funikularra.
Larreinetako funikularra. (Aritz LOIOLA)

Trianoko Mendietako meategietaraino merkantziak garraiatzeko inauguratu zuten 1926an funikularra, baina oraindik martxan dago eta aukera paregabea eskaintzen du burdinaren ustiapenak moldatutako panoramikak ikusteko. Orain 10 minutuan egiten den distantzia egiteko ordu eta erdia behar zen lehen. Beraz, bilakaera garrantzitsua izan du lehen aldiz martxan jarri zenetik.

Funikularra berezia da oso; ibilbide bereziagatik (1.198 metro) eta bere plataforma horizontalagatik, Europako gainerakoengatik desberdina da eta, gainera, 2014an Kultura Intereseko Ondasun izendatu zuten. Eraiki zutenean, merkantziak garraiatzeko erabiltzen zen soilik, baina egun auzokideen garraiobidea ez ezik erakarpen turistikoa ere bada, urtean zehar milaka bisitari izaten baititu.

Beraz, balio historikoa eta gizarte funtzioak nabarmentzen dituzte historialariek diseinuaren egokitzapenarekin batera. Izan ere, pertsonen garraiorako ez ezik, mea kargatzeko eta ibilgailuekin ibiltzeko egokitu behar izan zen.

Ekoetxea

Gainera, nahi duena Peñas Negras Ingurumen Interpretazio Zentrora hurbil daiteke; goiko geralekuko kilometro batera dago, Bizkaiko meatzaritzaren bihotz-bihotzean, eta industriak denboraren poderioz ingurunean eragindako aldaketak jasotzen dira bertan. Informazioa eskaintzeaz gain, sentsibilizaziorako gune bihurtu da.

Oinez burututako ibilbidean zehar eta Peñas Negraseko balizatutako bideetatik paseatzean meatzeko antzinako ustiapen hondakinak beha daitezke. Horiek aspaldi itxi zituzten eta egun aintzira txiki izugarriak bilakatu dira, hala nola El Negro eta Ostion.

Ekoetxearen helburu nagusia da meatze-ustiapenak ingurumenarekiko izan duen eragina eta erlazio honek dakartzan ondorioak ezagutaraztea. Alabaina, ingurumenaren elementurik nagusienak zeintzuk diren eta horiek babesteko eta hobetzeko jarrerak azaltzen ditu eta baita ingurumenaren arazoak zertan diren eta nola konpon daitezkeen jakiteko beharrezko diren jarrerak ere.