Bidaiari

Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko hiru tren jarriko ditu martxan asteburuan

Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko hiru tren jarriko ditu martxan irailaren 20ko asteburuan Azpeitiko instalazioetatik Lasaora. Trenak 12:00etan eta 17:30ean abiatuko dira larunbatean, irailaren 20an, eta 12:00etan igandean, hilaren 21ean.

Trenak Azpeitiko geltokitik abiatuko dira.
Trenak Azpeitiko geltokitik abiatuko dira. (Andoni Canellada | FOKU)

Euskotrenek jakinarazi duenez, Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa du ikusgai bere instalazioetan, era guztietako ibilgailuekin: lurrunezko lokomotorrak, dieselak eta elektrikoak, automotorrak eta bagoi mota ezberdinak.

Era berean, Euskal Herriko makina-erreminta multzorik osatuenetakoa eskaintzen du Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez, eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten laginak ditu.

Burdinbidearen Euskal Museoaren irekiera ordutegia 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era da asteartetik ostiralera, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era larunbatetan, eta 10:30etik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik).

Historia

Urolako trena Estatu espainoleko burdinbide elektrikoen artean lehenetarikoaizan zen, eta, 1926an inauguratu zenetik, aldaketa handirik gabe mantendu zen zerbitzuan, bai egiturari zein material mugikorrari dagokionez. 1986an zerbitzua eten zen eta, bi urte geroago, behin betiko itxi zen, horren ondoren trenbidea museo bilakatuta.

Euskal geografian zehar XX. mendearen hasieran sortutako eta mende horren amaiera aldera itxitako burdinbide asko jatorri zuen material ugari jaso zen. Museoa 1992an sortu zen eta 1994an ireki zen publikora, Juanjo Olaizola Elordi burdinbideen historialariak bultzatuta