Bidaiari

‘Ondarea eraikitzen’, Araban, Ondarearen Europako Jardunaldietan

Europako Kontseiluak eta Europar Batasunak sustatutako Ondarearen Europako Jardunaldiak ‘Ondarea eraikitzen’ lelopean egingo dira aurten Araban. 31 jarduera eskainiko dituzte herrialdeko 15 udalerri eta kontzejutan, ia kuadrilla guztiak barne hartuta.

Fournier msueoa.
Fournier msueoa. (Raul BOGAJO | FOKU)

Ondare komuna sustatzea, herritarrak ondare hori babesteko beharraz sentsibilizatzea eta haren dimentsio materiala zein immateriala balioestea. Horiek dira Ondarearen Europako Jardunaldien helburuak Ana del Val Arabako Aldundiko Kultura eta Kiroleko foru diputatuaren arabera.

«Lelo honekin arkitektura nabarmendu nahi dugu historiaren, nortasunaren eta gizarte harremanen isla gisa, baina baita begirada berrietara irekitako kultura topaketarako gune gisa ere», adierazi du.

Biista gidatuak eta zinema arkeologikoak

Programak askotariko proposamenak ditu, besteak beste, FICAB jaialdi ibiltariko zinema arkeologikoa, Erdi Aroko eskuizkribuei buruzko hitzaldiak, eta toki berezietara bisita gidatuak, hala nola Gesaltza Añanako jauregi barroko batera (normalean itxita egoten dena), Salcedoko trikuharrietara, Lantenoko hilerrira edo Gasteizko Erdi Aroko hiriguneko hodiak.

Jarduera berritzaileak ere izango dira, besteak beste, antzerki ibilbideak, ‘Musikarta’ erakusketari lotutako kontzertuak, irrintzi tailerrak edo oroitzapenezko aurkezpenak, esaterako, Arte eta Ofizio Eskolako eta Fournierreko emakumeei eskainitako karta sorta.

Gainera, urrian zehar, bisita gidatu irisgarriak izango dira Arabako Foru Museoen Sarean, ikusmen, mugikortasun edo adimen desgaitasuna duten pertsonentzat (aldez aurretik museo bakoitzean edo educacionmuseosyarqueologia@araba.eus helbide elektronikoan hitzartu behar dira).

Jarduera guztiak doakoak dira, baina batzuk aldez aurretik erreserbatu behar dira. Arabako Foru Aldundiak argitaratutako liburuxkan, bere web orrian eta Europako ondarearen webgunean kontsulta daitezke denak.