Burdinbidearen Museoaren 31. urtemuga ospatzeko, zirkulazio eta jarduera bereziak
Burdinbidearen Euskal Museoak 31. urteurrena ospatuko du urriaren 11n, lurrunezko trenen zirkulazio bereziekin eta Azpeitiko museoan gordetzen den ondarea ezagutarazteko jarduerekin. Zugastieta, Aurrera eta Euzkadi lurrunezko tren makinak izango dira martxan.

Euskotrenek jakinarazi duenez, urriaren 11n, egun osoan zehar, museoa bera eta Lasaoko geltokia banatzen dituen trenbidearen 4,5 kilometroak egiten dituen trenaren irteera bereziak izango dira. Horretarako prest jarri diren Zugastieta, Aurrera eta Euzkadi lurrunezko tren makinak izango dira zirkulazio buru. Irteerak 11:00etan, 12:00etan, 13:00etan, 17:00etan eta 18:00etan izango dira.
Bidaia berezi horiez gain, Espinal tren-makina elektrikoa ere mugituko da –martxan dagoen museoko zaharrena–, baita lurrun garabia ere, eta hainbat erakustaldi egingo dira tailer mekanikoan eta tranbietan.
Jardunaldia 10:30ean hasiko da, museoaren irekierarekin, eta 14:00ak arte luzatuko da goizez; arratsaldean, ordutegia 16:00etatik 19:30era izango da. Sarreraren eta treneko bidaiaren prezioa ohikoa izango da: 6 euro. Igandean, urriaren 12an, lurrunezko trenaren ohiko irteera izango da 12:00etan.
Munduko tren bildumarik abersatsenetakoa
Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa erakusten du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin: lurrunezko tren-makinak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak.
1994ko urriaren 4an inauguratu zenetik, museoak hobekuntza nabarmena izan du arlo guztietan. Ibilgailu historikoen kasuan, bilduma 45 unitatetik 87ra pasatu da, eta lurrunezko zazpi tren-makinak nabarmentzen dira. Horien artean dago 1887an Newcastlen Orconerako meatze-trenarentzat eraikitako Espinal, munduko tren-makinarik zaharrena.
Gainera, 31 urteko historian, Burdinbidearen Euskal Museoko bildumak aberastuz joan dira elementu, pieza eta balio multzo berriekin; adibidez, trenbide uniformeen bildumak 1863 eta gaur egun arteko trenbide modaren bilakaeraren ikuspegi zabala eskaintzen du, 200 jantzi baino gehiago erakutsi baititu.