Gorbeia Experience jaialdia, natura, ondarea eta gastronomia uztartuz
Gorbeia Experience jaialdiak hamaika jarduera eskainiko ditu urriaren 18 eta 19an, Gorbeialdeko natura, ondarea eta gastronomia ezagutzeko benetako esperientzien bide. Gorbeialdeko Kuadrillak bultzatuta, helburua da Gorbeiako helmuga sendotzea turismo jasangarri eta kalitatezkoaren erreferente gisa.

Gorbeia Experience jaialdiak prestatutako egitaraua anitza eta zabala da. Urriaren 18an hasiko da, erreserba behar duten jardueren eskaintza askorekin, besteak beste, honako hauekin:
Mendi ibilbideak eta birding jarduerak, hala nola EuskadiTrek interpretazio ibilbidea (Murgiatik Jugatxiko ermitarainoko ibilaldi zirkularra), ehun urtetik gorako haritzen eta udazkeneko paisaien artean, edo birding esperientzia Untzatik (Urkabustaiz) Nerbioiko jauzirantz, Equinoccio Naturarekin batera egindako ibilbide batean, natura ingurune ikusgarri horren aberastasun ornitologikoa ezagutzeko.
Hipika Eribeko zaldi paseoak (Zigoitia) edo Hipika Gopegik (Zigoitia) Gorbeiako Parke Naturaleko bidezidorretan zehar proposatzen dituen ibilbide luzeagoak.
Zuhaitz arteko abentura proposamena Hontza Extrem-en eskutik, Oletan (Aramaio).
‘Artzain egun batez’ esperientzia Atxeta Gaztan, Oletan (Aramaio). Horren osagarri, Idiazabal gaztaren, sagar zukuaren eta sagardoaren eta ahabi zuku eta marmeladaren dastatzeak egongo dira, ekoizleek berek (Atxineta eta Aramaioko Iturrieta) bideratuta.
Eltzegintzako lantegiak Ollerietan (Elosu), Blanka Gómez de Segura artisauarekin.
Irteera mikologikoa, Gorbeiako basoetako perretxiko espezieak identifikatzen ikasteko diseinatutako gida profesional baten laguntzarekin.
Igandean
Urriaren 19an honako jarduerak egingo dira: Oroko Santutegirako igoera gidatua, Murgian zehar egingo den ibilbide enblematikoa, Oroko Santutegia bera bisitatzea, itxiera ekitaldia euskal folklorearekin eta Gorbeia Experience ekimenean parte hartzen duten pertsona guztien arteko lehiaketa, zeina bisitetan eta jardueretan emango diren pistetan oinarritutako galdera sorta bat izango baita.
Gorbeia Experience programak Gorbeialdeko gastronomian murgiltzeko aukera ere eskainiko du. Eskualdeko jatetxe batzuek esperientzia eta proposamen gastronomiko bereziak jarriko dituzte bisitarien eskura: sagardotegiko menuak eta txotxa Iturrietan (Aramaio), txorizoa sagardotan, bakailaoa eta txuletoia parrilan eskainiz, eta dastatzeko menuak, hala nola La Casa del Patrónen (Murgia), sasoiko produktuekin, esaterako onddoak edo Idiazabal gazta. Beste batzuek, esaterako Bentazarrek (Elosu), tokiko produktuekin berrinterpretatutako errezeta tradizionalak eskainiko ditu; Nagusik (Murgia) edo Atabakak (Oro, Zuia), berriz, aukera berriagoekin osatuko dute eskaintza.
Ostatuak ere bai
Gorbeialdeko ostatuak ere ekitaldiari gehituko zaizkio, eta egonaldiak eskainiko dira landetxe txikietan eta hurbileko eta familiako tratuarekin kudeatutako hoteletan, bisitariari atsedena eta abegikortasuna bermatzen dietelarik natura erdian.
Haien artean nabarmentzekoak dira Haizatu (Manurga), Ulle Gorri (Untza-Apregindana), Bentazar (Elosu) edo Casa Lafuente (Lukiano), benetako landa txokoak, non xehetasuna zaintzen baita, bai eta Nagusi edo La Casa del Patrón bezalako hotelak ere, biak Murgian, zeinek erosotasun eta zerbitzu egokiak eskaintzen baitituzte EAEren bihotz berdean.
Gainera, Gorbeialdeko Kuadrillako XXIII. Argazki Lehiaketak kategoria berezi bat izango du, Gorbeia Experiencek dirauen bitartean hartutako irudiei buruzkoa.
Parte hartzaileek azaroaren 15era arte bidali ahal izango dituzte argazkiak, eta lehiaketako sariak lortzeko aukera izango dute. Gorbeialdeko paisaiak, natura eta bertako bizitza ikusaraztea da lehiaketaren helburua. Izen emateak eta bonuak Programako jardueretan izena emateko epea irekita dago hemen.