Yungang haitzuloak, arte zizelkatua
51.000 harrizko estatua, 252 haitzulo eta mila horma-hobi baino gehiagotan sakabanatuta, kilometro batean zehar. Yungang haitzulo ikusgarriak dira, Txinako Shanxi Yungang probintziako Datong hiritik 20 kilometrora daudenak.

Kobazulo multzoaren eraikuntza 460. urtean hasi zen. Tan Yao maisu monjeak diseinatu zituen, iparraldeko Wei dinastiako enperadorearen baimenaz. Azken harpeak 494. urtean egin ziren, Wei dinastiak hiriburua Luoyangera eramatea erabaki zuenean. Txinako V. eta VI. mendeetako labar arte budistaren lorpen nabarmena da Yungang-eko gunea. Gainera, Txinan kontserbatutako haitzulo multzorik handiena 2001. urtean Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok.

Leize guztiak Wuzhou mendian zizelkatuta daude, eta denak dira aho zabalik uzteko modukoak. Baina badira bost bereziki nabarmentzen direnak. ‘Bost kobazuloak’ izenez ezagutzen dira eta erraz identifika daitezke zenbakituta daudelako: 16, 17, 18, 19 eta 20. Haitzulo bakoitzean buda bat dago. Orotara, bost dira, iparraldeko Wei dinastiako lehen 5 enperadoreak ordezkatzen dituztenak. Denak Buda badira ere, bakoitzaren protagonismo maila aldatu egiten da, estatuen tamainaren arabera: handienak ia 17 metroko garaiera du, eta txikienak, 13,5 metrokoa.
51.000 harrizko estatua, 252 haitzulo eta mila horma-hobi baino gehiagotan sakabanatuta daude kilometro batean zehar
Kobazuloek eta nitxoek gordetzen dituzten estatuak osasuntsu daude, egoera onean, ez baitute kalte handirik jasan. Gezurra badirudi ere, jatorrizko itxurari eustea lortu dute eta, horri esker, munduko altxorrik handienetakoa dira zizelkatutako harri zaharren artean. Eguneroko mantentze lanek eta kontserbazio esku hartzeek ere lagundu dute, gutxieneko esku hartzearen printzipioari jarraituz diseinuan, materialetan, metodologian, tekniketan eta artisautzan.
Gainera, azken sei hamarkadetan erakunde berezi bat (Yungangeko Harpeetako Ikerketa Akademia) eta profesional talde bat sortu dira, eguneroko babesa, zaintza eta mantentze lanak ahalik ondoena bermatzeko.





