ZuNonHanDA!, Euskal Herriko azoka ibiltaria, herriz herri, Durangoko hitzorduaren aurretik
22 libururen euskal idazleak Euskal Herriko 19 liburu saltokitan izango dira azaroaren 17tik aurrera, abenduaren 4ra arte, ZuNonHanDA! ekimenari esker. Egitasmoa ez da berria, baina bai aurten aukeratutako datak, azokaren aurretik egingo baitira aurkezpenak.

Lehen aldiz egingo da ZuNonHanDA! azoka ibiltaria Durangoko Azokaren aurretik. Azaroaren 17tik abenduaren 4ra bitartean, hainbat idazle iizango dira Euskal Herriko 19 liburu saltokitan 22 liburu aurkezten.
Durangoko Azokako iturriek jakinarazi dutenez, euskal kulturaren erakusleiho erraldoia izanik, Azokaren bokazio nagusienetako bat kultur sorkuntza zein zaletasuna hauspotzea eta sortzaile, bitartekari eta herritarren arteko zubi lanak eraikitzea da.
Hain zuzen ere, helburu horrekin abiatu zen 2020an ZuNonHanDA! ekimena eta, helburu horretan sakontzeko asmoz, aurten, Durangoko Azoka baino lehenago antolatzea erabaki da, bertan egiten diren liburu aurkezpenek are ikusgarritasun gehiago izan dezaten.
Formatu askotarikoak
Horrela, ZuNonHanDA! azokari ibiltariaren bidez, Durangoko Azokan eskuragarri egongo diren liburu berrien aurkezpenak egingo dira Euskal Herri osoko 19 dendatan. Aurkezpenak formatu askotarikoak izango dira eta idazlea beti egongo da presente, hitzordura bertaratzen direnekin harreman zuzena izateko.
Horrekin batera, 60. Durangoko Azokan plazaratutako nobedadeen sortak Euskal Herri osoko 67 liburu saltokitan izango dira eskuragarri. Beraz, Durangoko Azoka ibiltaria izango da eta hartzaileen herrietara zuzenean helduko da.
Ekimenaren asmoa ez da soilik Durangoko Azokaren oihartzuna Euskal Herri osora zabaltzea; liburu saltokiek urte osoan zehar egiten duten lana aitortzea ere bada xedea. «Horregatik, Durangoko Azoka Kulturaren Jaialdia den heinean, Durangoko Azokan batuko den indarra Euskal Herriko dendatara barreiatuko da», nabarmendu dute.