Bidaiari

Bilboko Rekalde, arte liburuzaleen topaleku

Bizkaiko hiriburuko Rekalde aretoa Bilboko Arte Liburu Azokaren 12. edizioaren eszenatoki bihurtuko da aurten ere, bertan egingo baita BALA topaketa, liburuaren inguruko formatu editorial esperimentalei eta praktika artistikoei eskainitako azoka.

Argitalpen originalak, lan prozesuak eta unibertso sortzaileak lehen eskutik ezagutzeko espazio paregabea da BALA.
Argitalpen originalak, lan prozesuak eta unibertso sortzaileak lehen eskutik ezagutzeko espazio paregabea da BALA. (Nadiia Romanchenko | Getty Images)

BALA Bilboko Arte Liburu Azokaren 12. edizioa egingo da abenduaren 12, 13 eta 14an Bizkaiko hiriburuko Rekalde aretoan. Liburuaren inguruko formatu editorial esperimentalei eta praktika artistikoei eskainitako azoka, eta sormen espresioaren eta autoedizioaren bidez lan egiten duten editoreak, artistak, liburu dendak eta proiektu independenteak elkartuko ditu.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, BALA publiko guztientzat irekita dago, sarrera doakoa da eta, 12 edizio igaro ondoren, «sendotuta ageri da euskal esparruko edizio independentean erreferentziazko plataforma gisa».

«Artista garaikideen lan editoriala bultzatzen duen topagune bizia da, liburuak, katalogoak, argitalpen originalak eta fanzineak eta kultur eragileen arteko elkarrizketa sustatzen dituena», ziurtatu dute.

Azokak hitzaldiak, tailerrak eta aurkezpenak eskainiko ditu, artistaren liburuak sortzetik argitaratzera arte igarotzen dituen prozesuak eta ekoizpen baldintzak ezagutarazteko.

Aurtengo edizioko parte hartzaileen artean proiektu finkatuak zein sortzen ari direnak daude, editorial esperimentalak, kolektibo artistikoak, liburu dendak, estudio sortzaileak eta autoedizioko proposamenak.

Artista eta sortzaile ugari

Bertan, artista eta sortzaile ugari izango dira, besteak beste, honako hauek: Banizu Nizuke, Suppergiù Magazine, Siarte Ed., Librería Naubis, Belleza Infinita, Brillo Editorial, Another Press, Caja Negra Editorial, Voltaire Lab, baita Belen Lucas, Guillermo Menéndez Quirós, Petra Tatuajes, Andrea Ganuza, Kike Infame & Señor Verde eta Mabel Esteban.

«Haien presentziak panorama plural eta aberatsa osatzen du, gaur egungo ekosistema editorialaren energia, aniztasuna eta berrikuntza agerian uzten dituena. Haien parte hartzeak BALA bihurtzen du argitalpen originalak, lan prozesuak eta unibertso sortzaileak lehen eskutik ezagutzeko espazio paregabea», azaldu dute.