Gipuzkoako hogei herri, gildazaleen zitaleku
Gildazaleek hitzordu berezia dute abenduaren 20an Gipuzkoako hogei herritan, Gilda Egunaren hamaikagarren edizioa ospatuko baita. Guztira, ehun taberna inguruk hartuko dute parte.

Gipuzkoako 20 udalerritako ehun tabernak baino gehiagok parte hartuko dute, abenduaren 20an, Gilda Egunaren hamaikagarren edizioan.
Diputazioko eta Pintxoaren eta Gildaren Kofradiako arduradunen esanetan, «Gipuzkoan ostalaritzak gehien parte hartzen duen gastronomia ekitaldia» da.
Aurkezpen ekitaldian azaldu dutenez, honako herrietan ospatuko da Gilda Eguna: Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Beasain, Deba, Donostia, Errenteria, Eskoriatza, Ezkio, Hondarribia, Irun, Ordizia, Orio, Pasaia (Donibane eta Trintxerpe), Tolosa, Usurbil, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga. Guztira, ehundik gora establezimenduk bat egin dute ekimenarekin.
«Gilda Eguna duela hamarkada bat baino gehiago sortu zen, gure pintxo unibertsalena omentzeko, eta gaur egun urteko gastronomia ekitaldi handienetakoa da, batez ere establezimendu parte-hartzaileei dagokienez. Gure udalerriak dinamizatzeaz gain, suspergarri ekonomiko garrantzitsu bihurtu da eskualde guztietan, tabernei ikusgarritasuna eskaintzen dielako eta bezeroak erakartzen dituelako», nabarmendu dute antolatzaileek.
Era berean, ekitaldiaz gozatzeko garraio publikoa erabiltzera gonbidatu dute, «mugitzeko modurik erosoena, jasangarriena, baina, batez ere, seguruena» delako.
Halaber, azpimarratu dute Gipuzkoako ostalaritzak «erantzun bikaina» eman diola ekimenari. «Hamaikagarren edizioa betetzen dugu, eta oraindik ere, zer erantzun dugun ikusita, ilusio handiagoarekin lan egiten dugu, ahal bada», gaineratu dute.
Txapelketak ere bai
Gilda Egunaz gain, Gilda Innova VII. Pintxo Txapelketa eta Gilda Muntatzaileen VIII. Lehiaketa jokatuko dira abenduaren 16an Donostiako Cebanc sukaldaritza eskolan. Parte-hartzaileek «sormenezko bira eman beharko diote pintxo berezi honi».
Edizio berri honetan 16 herritako establezimenduk hartuko dute parte. Sukaldariek gilda baten hiru osagaiak errespetatu beharko dituzte: piparra, oliba eta antxoa. Dena dela, nahi beste osagai gehitu ahal izango dizkiete.
Gilda eta Pintxoaren Konfradiako arduradunak azpimarratu duenez, «proiekzio handiko lehiaketa da, eta urtetik urtera gero eta parte hartze eta interes handiagoa ikusten dugu sukaldarien artean».
Ion Aramendi kazetari donostiarra izendatu dute 2025eko Gildaren Enbaxadore.