Bidaiari

Donostiako 22 parke, euskara sustatzeko jolasgune berezi bihurtuta zenbait egunez

Donostiako 22 parke jolasgune berezi bihurtuko dira zenbait egunez, zehazki, otsailaren 23tik martxoaren 13ra, hiriko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako Parketarrak egitasmoari esker.

Haurren parke bat.
Haurren parke bat. (Smith Collection | Getty Images)

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Parketarrak egitasmoa antolatu du beste behin euskaraz jolasteko aukera izateko. Ekimena hiriko 22 jolasgunetan egingo da, otsailaren 23tik martxoaren 13ra, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.

Parketarrak ekimenaren neguko txanda honako auzoetan egingo da: Aiete, Altza-Herrera, Altza- Casares, Antigua, Añorga, Amara-Olaeta, Amara-Araba parkea, Amara-Rafael Alberti plaza, Bidebieta-Julio Urkixo, Easo-Arroka plaza, Egia-Martin Santos plaza, Egia-Atotxa Zelaia plaza, Gros-Katalunia plaza, Gros-Nafarroa Behera plaza, Ibaeta, Intxaurrondo, Loiolako Erribera, Martutene, Morlans, Parte Zaharra-Zuloaga plaza, Txomiñenea eta Zubieta.

Bi dinamizatzaile

Auzootako plaza eta jolasgune bakoitzean bi dinamizatzaile izango dira euskarazko jolasak eta jokoak gidatzeko. Adinaren eta parte hartzaile kopuruaren arabera, bi talde egingo dira: Zabu Zibu, 3-5 urte arteko haurrekin eta haien arduradunekin, eta Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko umeekin.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen du Parketarrak jarduera, auzoetako euskara batzordeen laguntzarekin. Asmoa da hizkuntzaren erabilera indartzea aisialdi eremuan.

Urrian egindako lehen txandan, 66 saio antolatu ziren. Auzo batzuetatik besteetara aldeak diren arren, familia asko erakartzen ditu jarduerak, eta 1.047 haur eta 375 heldu ibili ziren udazkeneko txandan. Helduei dagokienez, inoizko parte hartzerik handiena izan zen urrian.