Bidaiari

Bisita gidatuak Bilboko Udal Hilerrian, bertako memoria, artea eta ondarea ezagutzeko

Oroimena, artea eta natura uztartzen dituen Bilboko Udal Hilerria ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dira berriz ere. Oraingoan, diseinatutako ziklo berriak 40 ibilbide kultural bilduko ditu, besteak beste, hilerriko floran oinarritutakoa. Martxoaren 2tik aurrera eros daitezke sarrerak.

Bilboko Udal Hilerria.
Bilboko Udal Hilerria. (Luis JAUREGIALTZO | Getty Images)

Martxoaren 2an, 12:00etatik aurrera, herritarrek Bilboko Udal Hilerrian apiriletik irailera egingo den bisita gidatuen ziklo berrirako sarrerak erosi ahal izango dituzte. Ekimen honen bidez, Bilbao Zerbitzuak-ek aurten ere herritarrak gonbidatu nahi ditu espazio berezi hau ezagutzera, non oroimena, artea eta natura elkarrekin bizi diren.

Oraingo honetan, diseinatutako ziklo berriak 40 ibilbide kultural bilduko ditu, besteak beste, bisita orokorra, arteari, gerrari eta sinbologiari eskainitako hiru ibilbide tematikoak, eta hilerriko floran oinarritutako aukera berri bat, inguruko paisaia eta bertoko botanika balioan jarriko dituena. Gainera, bisita antzeztuak ere itzuliko dira, bisitariek gehien eskatzen duten formatuetako bat omen delako, ekimenaren sustatzaileek jakitera eman dutenez.

Memoria, artea eta ondarea

Saio bakoitzeko plaza kopurua mugatua denez, Bilbao Zerbitzuak-ek sarrerak aldez aurretik erostea gomendatzen du, inor ez dadin gelditu bisitarik gabe. Datei, ordutegiei eta modalitateei buruzko informazio xehatua Bilbao Zerbitzuak-en webgunean dago eskuragarri martxoaren 2tik aurrera.

«Eskaintza honen bidez, Bilboko Udal Hilerriaren izaera kulturala berretsi nahi dugu, bertan dauden memoria, artea eta ondarea herritarrei hurbiltzearen alde eginez», adierazi du Álvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotziak.