Bidaiari

Gaztelugatxeko San Juanera bisita gidatuak eskainiko ditu Aste Santuan Bermeoko Udalak

Bermeoko Udalak aurtengo Aste Santuan ere bisita gidatuak antolatuko ditu Gaztelugatxeko San Juanera, «Euskal Herriko kostaldeko toki ikusgarrienetako batera». Azpimarratu du «ikuspegi jasangarri eta kultural batetik» egingo duela.

Gaztelugatxeko San Juan.
Gaztelugatxeko San Juan. (Luis Jauregialtzo | FOKU)

Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, Gaztelugatxeko San Juanera joateko zerbitzua herritik abiatuko da, bisitarien erosotasuna lehenetsiz. Bisita gidatuak apirilaren 2tik 6ra bitartean egingo dira, hiruna ordu inguruko iraupena izango dute, eta Lamerako autobus geltokitik abiatuko dira 10:00etan eta 12:00etan.

Helburu nagusiak hiru dira: garraio publikoa sustatzea, CO2 emisioak murriztea eta aparkaleku arazoak saihestea; bisitariak Bermeora erakartzea; eta, azkenik, Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak modu sakonean ezagutzea.

«Bisita hauen bidez, parte hartzaileek Gaztelugatxeko nortasuna eta berezitasuna modu sakonean ezagutuko dute: bertako sinesmenak, errituak eta ohiturak ezagutzeaz gain, Matxitxako lurmuturraren ikuspegi panoramikoak eta itsasargien bitxikeriak ere aurkituko dituzte», adierazi dute ekimenaren sustatzaileek.

Erreserbak

Erreserbak egin daitezke dagoeneko bizibermeo webgunean. Prezioak honako hauek dira: nagusiek, 10 euro; 6 eta 16 urte bitartekoek, 5 euro; eta 6 urtetik beherakoek, euro bat (gehienez bi haur heldu bakoitzeko).

Informazio osagarria eskuratzeko Turismo Bulegoarekin harremanetan jar daiteke 94 617 91 54 telefonoan, turismoa@bermeo.eus helbide elektronikoan edo webgunean bertan.

Bermeoko Turismo Bulegoko arduradunek gogorarazi dute Gaztelugatxeko San Juan ingurune babestu bat dela eta guztion artean zaindu beharra dagoela. «Bisita gidatuek aukera paregabea eskaintzen dute bertako kultura eta naturaren balioa lehen eskutik ezagutzeko, ikuspegi ekoturistiko batetik», azpimarratu dute.