Munduan Pasieran

Bertigoa, 95 metrora zintzilik

Txekiar Errepublikan dago Sky Bridge 721 zubia, oinezkoei zuzendutako atrakzio turistiko bihurtua. Mota horretako munduko zubirik luzeena da, 721 metrokoa, eta 95 metroko altueran zintzilik dago, bertigoa eragiteko nahikoa. Dolmi Morava goi mendiko geltokian kokatua, Orlické eta Jeseníky mendiak elkartzen ditu. Beldurra gainditzea lortzen duenak sekulako ikusmira izango du bertatik. Ibilbidea Slamenka Chalet mendi-aterpetik hasten da, Chlum Hill ibilbide interpretatiboaren ondoan. Zubitik baso erraldoia ikusi ostean, errealitate areagotuari esker ingurumena zaintzeari buruz eta lekuaren historiaren inguruan ikasi ahal izango dute bisitariek, bereziki haurrei zuzendutako joko baten bitartez.

Zubiaren egitura sei soka nagusiz eta beste 60 finagoz osatuta dago. Urteak eman zituzten eraikitzen iaz zabaldu zuten arte, eta 8 milioi euroko inbertsioa izan du. Gurutzatu ahal izateko erreserba egitea ezinbestekoa da (14 euro), baina haizete bortitzak badaude, bertan behera uzten dute. Bisita osoak 2 ordu inguru irauten du. Michal CIZEK | AFP