Xabier Bañuelos

Arashiyama, banbuen xuxurlak

Banbu adarrak eta hostoak laztantzen dituen haize leunak soinu hain berezia sortzen du, japoniarrek altxortzat baitute. Liluragarria da Arashiyamako banbuzko basoa, monumentu natural bat, ez oso urrun Katsura ibaiaren ibilbide lasaitik eta bertako tenpluen otoitzetatik. Iwatayamako makakoen bihurrikerien artean, muinoan gora daude tenpluak.

Banbu basoa. (Onur CEPHELI | Getty Images)
Banbu basoa. (Onur CEPHELI | Getty Images)

Nippon uhartedia ezagutzen duten 外人 jendeen artean zurrumurrua dabil japoniarrak ez direla planeta honetakoak. Beste galaxia batetik datozela diote. Esoterikoek esaten dute beste dimentsio batean daudela. Edo katuen unibertsoarekin lotura berezia dutela. Felino txiki hauek bezalakoak omen dira; hau da: hortxe daude, baina komeni zaien bezala beti distantziak gordetzen dituzte, beren arauekin jokatzen dute eta beren zazpi bizitzen arabera portatzen dira. Honenbestez, japoniarren 生き甲斐 bizitzeko moduak katuen antzekoak dira: nor bere kasa.

Kanji irudi hauek 外人 atzerritarra esan nahi dute. Gaijin deitzen zaie atzerritarrei, greziarrek barbaroei bezala, espainolek guiriei bezala. Baina zehazki esan nahi du ez direla bertakoak, ez direla “gutakoak”. Bestalde, 生き甲斐 irudiak ikigai ahoskatzen dira, eta funtsean adierazten dute: munduan nor bere lekuaren bila. Izan ere, kultura japoniarra munduan egoteko modu bat da, europarren, amerikarren, afrikarren edo ozeanikoen guztiz desberdina. Baina, gisa berean, ez dator bat Asiakoekin, Txinakoa barne, nahiz eta eragin handiena historikoki honexek izan duen.

Adashino Nenbutsu tenplua. (Getty Images)

Hachimangu santutegiaren ikuspegia. (Getty Images)

Gaijin edo atzerritar (edo erdaldun) batentzat ez da ulertzen guztiz erraza. Eta gauza bera gertatzen da hai hitzaz den bezainbatean. Berez “bai” esan nahi du hai berbak, baina erabilera polisemikoa dauka; eta izan liteke gauza bat edo bestea, mila gauza edo deus ez, testuinguruaren arabera, galderaren, aldartearen, tonuaren arabera.

Ikebana, irezumi, shodo eta bonsai-en herrialdean dena da aldi berean sinplea eta konplexua; noh, kintsugi, kokeshi, suiseki, chanoyu eta kabuki-aren herrialdean dena da zeremoniatsua eta erreberentziazkoa; hanami-aren herrialdean (gereziondoak loretan daudela begira egotea) dena da izpirituala bezain erreala, mistikoa bezain mundutarra, sotila bezain ukigarria. Materiagabea denak ere, etereoa denak ere, gorputz itxura hartzen du arimaren isiltasunean, gogoaren gozamenerako.

Arashiyamako basoa. (Xabier BAÑUELOS)
Ocochi Sanso lorategia. (Krzysztof Baranowski | Getty Images)
SOINU BAT UNIBERTSOARENTZAT

Japonian barrena aste batzuetan ibili ondoren, eta kultura ulertzen hasi ginela uste genuenean, Arashiyamako banbu basoan paseatzean beste zirrara bat izan genuen. Ez naiz haren edertasunaz ari, ez eta argi-ilun bihurrien arteko jolas nahasi eta magikoaz ere. Ez. Soinuaz ari naiz, harmonia diskorde, anarkiko baina akonpasatu, leun, delikatu baten kadentziaz, urez bustitzen den nire urrats bakoitzaz. Alde guztietan dago, lurrean eta airean, lurrean eta ehunka zurtoin garai eta lirainen hostozabal ordenatuaren artean flotatzen, loditasunaren pentagrama bertikal handia osatzen.

Japonian barrena aste batzuetan ibili ondoren, eta kultura ulertzen hasi ginela uste genuenean, Arashiyamako banbu basoan paseatzean beste zirrara bat izan genuen. Ez naiz haren edertasunaz ari, ez eta argi-ilun bihurrien arteko jolas nahasi eta magikoaz ere. Ez. Soinuaz ari naiz

Soinua garrantzitsua baita Japonian. Isiltasun kontzienteak ere badu izena: haragei. Nazio altxortzat jotzen dira jitoan dagoen izotzaren ur gaineko marruskadura, kanpai baten hotsa, kurriloen edo kaioen zalaparta, ibai baten korrontea, kilker baten kantua, igel baten korroka, ehungailu baten triki-traka eta, horrela, ehun soinu ere bai. Eta soinu horietako bat da Arashiyamako banbuen silueta tente eta zilindrikoek xuxurlatzen digutena. Zefiroak konposatutako sinfonia da, eta kainaberazko orkestra batek interpretatzen du. Orkestra horretan, banbu bakoitzak Japoniako txirularen bokazioa du, modalitate guztietan, shakuhachi latzetik hichiriki txikiraino. Banbuaren adarrak eta haren hostoak ukituz brisa igarotzeak sortzen duen soinua da.

Honzuko zintzurra. (CF CHIH | Getty Images)

Ocochi Sansorako bideko estela, goi-erliebearekin, Hiun Kannon jainkosa irudikatzen duena. (Xabier BAÑUELOS)

Baina ez da edozein landare espezie. Banbu mosoa da, barietate erraldoi eta zurkara, oso garaia, 28 metrorainokoa, azkar hazten dena. Fenjinen arnasarik xumeenak (haizearen jainko sintoistarenak) zurtoin luze eta lirainak kulunkatzen ditu. Kanaberen erresilientziatik kirrinkak sortzen dira, lekuari misterio giro arkanoa ematen diotenak. Marruskaduratik, ordea, murmurioak eta zurrumurruak sortzen dira, xuxurlak eta usain meheak, intentsitate aureo kitzikagarri baten oihartzunak balira bezala.

Japoniarrek ohi duten arretaz eta xehetasunez zainduta dago basoa. Hainbat bidezidorrek zeharkatzen dute, alboetan landare hesi delikatuak dituztela. Ziurrenik Japoniako basorik ezagunena izango da, baita maitatuenena eta zaharrenena ere, ‘Genji Monogatari’ (Genji-ren historia) obran agertzen baita, Murasaki Shikibu nobleak XI. mendean idatzitako literatura japoniarraren gailurra. Basoaren ospearen prezioa turismoa da, ordea. Lehen eta azken orduan errazagoa da ibilaldiaz gozatzea, bihotzaren ahotsak bakarrik entzuten.

Tenyu tenpluko otoitz-gela. (Xabier BAÑUELOS)
Harrizko linterna. (Xabier BAÑUELOS)
ZUBIAK, TENPLOAK ETA TXIMINOAK

Basoa txikia da. Kyotoko mendebaldeko mendiek zaintzen dute, eta hiriaren muturrean dago, Katsura ibaiaren iparraldeko ertzaren ondoan. Ibai horrek Hozu izena du. Ez dira oso igoera handiak, baina bai behar bezain irregularrak manta berde baten azpian, ukitu malkartsua emateko modukoak. Kokapen horrek hirigintzaren eta naturaltasunaren arteko trantsizioa sentiarazten du.

Tenryuko tenplu budistako lorategiak originalak dira, eta Kyotoko tokirik onenetako bat momijia gozatzeko (udazkeneko koloreen kontenplazioa)

Ondoren Tenryuko tenplu budista bisitatu dugu, Rinzai eskolakoa, Japoniako Zen hiru adarretako bat, Sōtō eta Ōbaku-rekin batera. 1339an eraiki zuten, eta Meiji garaian berreraiki. Hango lorategiak, ordea, originalak dira, eta Kyotoko tokirik onenetako bat momijia gozatzeko (udazkeneko koloreen kontenplazioa). Hemen leherketa bat dira koloreak. Agian hori da Gizateriaren Ondare izendatzeko arrazoietako bat.

Landaretzaz estalitako muino batek banatzen gaitu errekatik. Eta muinoaren gainean Ōkōchi Sansō dago. Denjirō Ōkōchi XX. mendeko lehen erdian aktore japoniar ezagunenetako bat izan zen haren hiribildua da. Jidaigeki drama generoko interpretea zen, eta chanbara izeneko ezpatazko filmetan espezializatu zen, katanekin eta samuraiekin. Hango lorategietatik ikusgarriak dira hiriaren gaineko ikuspegiak, eta, mendebaldeko begiratokiraino joanez gero, Hozu ibaiaren gaineko panoramika ere ederra da.

Tenyu tenpluko egurrezko korridorea. (Xabier BAÑUELOS)

Tenyuko lorategiaren udazkeneko ikuspegia. (Xabier BAÑUELOS)

Ibaira jaitsi eta Yusai-Tei eraikinean gelditu gara. Meiji arokoa da eta 150 urte ditu. Gaur egun, zetazko kimonoak erakusten dituen arte galeria bat da. Ibaiertzetik paseatzen joan gara Togetsukyo zubiraino, “Ilargiaren bidegurutzea”, izen oroigarria, bere luxu eta rickshaw eta guzti unibertso erromantikoetara hegan eginarazten diguna. Zeharkatu eta Iwatayama tximinoen parkera iritsi gara. Muinoaren gainean bizi da makako kolonia ugaria, mila argazkitan ikusi dugun espeziea, Jōshin 'etsu Kōgen parke nazionaleko termetako ur berotan bainatzen. Turisten “eskuzabaltasunaren” kontura bizi dira, haiek jaten ikustearren pozik. Baina kontuz ibili beharra dago tximinoen okerkeriekin.

Makakoa Iwatayaman. (Xabier BAÑUELOS)
SAGA TORIMOTO

Azkenik, hirira jaitsi gara berriz, gizakien konpainiaren bila. Gure zain daukagu Saga Torimoto, Atago mendiak babestutako barruti historikoa. Denboraren makina martxan jarri eta garai bateko Kyotora itzultzea da, antzinako minka etxe tradizionalekin; batzuk landa estilokoak, nōka, lastozko teilatuz, beste batzuk hiri estilokoak, kyōmachiya, zurezko saretak dituzten etxebizitza komertzialak, tatami zoruez eta barruko patioez. Hiri erdian Fakuda museoa dago, Edo garaitik aurrerako artea erakusten duena, eta Kimonoen Basoa, zutabe zilindrikoz osatua eta japoniar jantzi tradizionalaren diseinu klasikoekin apaindua. Oso polita da gauez argiztatzen dutenean.

Eta Kyoton gaudenez gero, ezin da tenpluen artean prozesioa huts egin, hala nola Hogon eta hango lorategiak; Jojakko eta Mikamiren santutegia, biak Ogura urmaelaren ondoan; Nison zahar eta lasaia, nobleen eta enperadoreen kolunbarioarekin; edo Nenbutsu Adashinoa eta 8.000 harrizko estatuean armada, pagoda txiki baten inguruan. Horiek guztiak isiltasunaren eta haizearen fereka arinaren babeslekuak dira astigarren artean, banbuzko basoetako kantu lurrintsu haien antzera xuxurlan.