Juanma Costoya

Karakalpakstan: ekozidioa, kotoia eta arte debekatua

Baliabide hidrikoak gehiegi ustiatzeak ekosistema baten oreka alda dezakete, atzera bueltarik gabe. Espainiako Mar Menor algen eta marmoken zopa bihurtu da, edo Doñanako parkea nekazaritza intentsiboak eta azpiegitura turistikoek inguratu dute, eta halako toki babestu asko arriskuan daude, hondamendiak eragin baitituzte.

Aral itsasoko egungo basamortuan hondoratutako arrantza-ontzi baten kroskoa. (Daniel Prudek | Getty Images)
Aral itsasoko egungo basamortuan hondoratutako arrantza-ontzi baten kroskoa. (Daniel Prudek | Getty Images)

Duela hamarkada gutxi arte Aral itsasoko arrantza porturik aktiboenetako bat izandako Moinak itsaslabar harritsuaren gainetik ez da ur arrastorik ikusten. Haren lekua sakonune amaigabe batek betetzen du, itsutu egiten du eguerdiko eguzkitan eta zuhaixka arre, zimel eta gatz-zarakar zurixkez zipriztinduta dago. Karakalpakstan errepublikako toki hartan, han-hemenka, eskeleto herdoilduak ikusten dira, garai batean itsasontziak izandakoenak. Haien izenak: Najodka, Dagestan, Estonia. Urteak dira eguzkiak jan zituela eta hareazko ekaitzek urratu eta higatu zituztela.

Portuko biltegien eta kontserba industria jendetsuaren arrastorik ere ez dago. Horren ordez, egitura biribileko museo txiki bat dago, karakalpaka denda tradizionalen arrasto lausoekin. Barrualde penagarrian zuri-beltzeko argazkiak ikusgai daude, munduko laugarren aintzirarik handiena izan zenaren portuko bizitasuna egiaztatzen dutenak, 68.000 km karratuko azalerarekin. Arrainez eta gabarrez betetako upeltegiak dituzten itsasontziak ageri dira irudietan, kairaino sare handiak dituztenak. Itsaso hartan ugari ziren 170 espezie baino gehiago zeuden sare haien barruan.

Aral itsasoko basamortuan lehorreratutako arrantza-ontziak. (Getty Images)
Emakumeak kotoia biltzen, Moynaq inguruan. (Juanma COSTOYA)
MOSKUK BEHAR ZUEN KOTOIA

Museoko aretoetako batean bideo batez galera itzelaren gakoak azaltzen dira. Istorioa ezaguna da. Aral itsasoa iparraldeko ertzean (Kazakhstan) Sir Dariaren emariarekin elikatzen zen, eta hegoaldeko ibaiertzean (Uzbekistan), berriz, Amu Dariaren emariaz. Bi ibaiak Pamir eta Tian Shan mendikate urrunetan jaiotzen dira, zazpi mila metrotik gorako tontorren artean, ekialderantz Himalaiara iristen diren lehenengo mendi adarretan. Antzinatik bi korronte horien emariak bertako bazterrak busti zituen, eta emankortasun handiko laboreak eta baratzeak hazten ziren bertan.

1959tik aurrera Moskuk erabaki zuen munduko alderdi hori bere ehungintza industriek behar zutela, kotoi ekoizle bihurtzeko. Dekretu bidez, beste labore ureztatu batzuk ere ezarri ziren: arroza, meloiak eta zerealak. Horretarako, ehunka bulldozerrek kanalak ireki zituzten bi ibai handien ertzetan, eta haien emaria sail berrietara desbideratu zuten. Ikerketa batzuen arabera, galdutako emariaren bolumena %70 arte iritsi zen, Erdialdeko Asiako klima sutsuan lurrunduta edo kanalizazio eskasetan iragazita. Ongarrien eta pestiziden erabilera industrialetik eratorritako metal astunak lurrean metatzen joan ziren, eta haien hondakinak ehunka kilometrora eraman zituzten, gero eta txikiagoak ziren emarietan barrena.

Karakalpakstango bi emakume, Nukusen. (Juanma COSTOYA)

Arrantza-ontzi baten kostilak Aral itsasoan. (Denys Shapovalov | Getty Images)

Ez zen asko itxaron behar izan emaitzak ikusteko. Izan ere, SESBek bere helburua bete zuen, kotoi ekoizle nagusietako bat bihurtu baitzen. Baina Aral itsasoaren azalera murrizten joan zen eta, azkenean, erabat lehortu zen hegoaldeko ertzean, pare bat hamarkada geroago.

Arrantzatik eta horrekin lotutako jardueretatik bizi ziren hogeita hamar mila pertsonen exodoa etorri zen. Geratzea ere erabaki zuten arrantzale bakanek, gehienak karakalpaka etniakoak. Haurren heriotza tasak gora egin zuen eta arnasan gaixotasunak izan zituzten. Gero eta ohikoagoak diren harea ekaitzek zorigaiztoko nahasketa bat ateratzen dute, ongarrietatik, pestizidetatik eta intsektizidetatik sortutako hondakinez osatua, batzuetan ehunka edo milaka kilometroraino, tumoreak eta beste gaixotasun endemiko batzuk agertzea erraztuz.

Agure bat tea hartzen Nukusen. (Juanma COSTOYA)
NEGU GORDINAGOAK

Klima ere aldatu zen, noski. Ur azal zabalak eragindako efektu leungarria desagertu zen, eta orain neguak gordinagoak eta lehorragoak dira, eta udak kiskalgarriagoak. Hamar gradu gehiago.

Uzbekistanek eta Karakalpakstan Errepublika Autonomoak 1991n Moskurekiko independente deklaratu zuten beren burua. Hala eta guztiz, Islam Karimov presidente hautatuak, “nomenklaturako” kide ohiak, kotoizko monolaborantzaren aldeko apustua berritu zuen. Uzbekistango gizarte osoak egokitu behar izan zuen eskakizun horretara. Udazkenean, uzta biltzeko garaian, funtzionarioak, ikasleak, profesionalak eta haurrak ere, gustuz edo indarrez, brigadetan sartzen ziren, hirurogei kilo arte biltzeko pertsonako eta eguneko.

Gero eta ohikoagoak diren harea ekaitzek zorigaiztoko nahasketa bat ateratzen dute, ongarrietatik, pestizidetatik eta intsektizidetatik sortutako hondakinez osatua, batzuetan ehunka edo milaka kilometroraino, tumoreak eta beste gaixotasun endemiko batzuk agertzea erraztuz

Haurrak eskulanean erabiltzen zituztelako, nazioarteko kritikak izan zituenez Gobernuak, 2009ko lege baten bidez, 16 urtetik beherakoei lan behartu haiek kendu zizkien. Emaitza izan zen biltzaileen feminizazio gero eta handiagoa. Kaiolak eta beste elementu mekaniko batzuk arrastatzen dituzten traktoreak gizonek maneiatzen dituzten bitartean, Nukus ekialdean makurtzen diren gehienak emakumeak dira, eta, begiratu batean behintzat, ez da haurrik lanean ikusten.

Kotoi landarea. (Juanma COSTOYA)
ARTE DEBEKATUA

Karakalpakstango hiriburu administratiboa Nukus da, estepak inguratutako 260.000 biztanleko herria. Sobietarren herentziak hiribide zabalak eta hiru altuerako bloke uniformeak eman zizkion. Bizirik irauteko nekazari, arrantzale edo abeltzain gisa beren jarduera tradizionalak utzi zituen karakalparren zati batek, azkenean, kazakhstandarrekin eta turkomanoekin bizitza partekatu zuten kaleetan. Gehienak eskulan merke gisa erabili zituzten etxalde kolektiboetan.

Nukusen harribitxiz eta koadroz betetako altxorra gorde zuten, Igor Savitski pintore, arkeologo eta bildumagile tematiari esker. Samarkandan laketu zen 1943an, eta Gauguin pintorea Tahitik bezala, basamortuko koloreek sorgindu zuten Savitski

Nolanahi dela, Nukusen harribitxiz eta koadroz betetako altxorra gorde zuten, Igor Savitski pintore, arkeologo eta bildumagile tematiari esker. Samarkandan laketu zen 1943an, eta Gauguin pintorea Tahitik bezala, basamortuko koloreek sorgindu zuten Savitski. Asia erdialdeko lurralde antzu eta neurrigabean barrena, karakalparren jantziak, bitxiak eta objektuak bildu zituen, talde etniko horrek ohiko bizimodua bertan behera utzi baino lehenago.

Moynaq kontserba-enpresako zenbait lata, 1960ko hamarkadakoak. (Juanma COSTOYA)

Kontserba-fabrikako langile baten irudia, portuko Museoan ikusgai dagoena. (Juanma COSTOYA)

Erregimen estalinistak “errealismo soziala” ezartzen zion artearen munduari, formula eta arau zurrunetan oinarrituta. Munduko inguru horretan erbesteratutako asko pintore kosmopolitak ziren, eta garaiko Europako joerekin esperimentatzea erabaki zuten. Volkov, Surayev, Tansykbayev, Borovaya eta beste hainbatek sinatutako lanak surrealismoan, dadaismoan edo estrukturalismo alemanean oinarritu ziren. Garai hartan hiri sobietar nagusietan pentsaezina zen zerbait loratu zen txoko honetan. Jakina, erbesteratutako artistek ezin izan zituzten haien lanak beren eremu murritzetik kanpo merkaturatu edo erakutsi. Urteak igaro ondoren, Igor Savitskiren ausardiak, kemenak eta begi onak erreskatatu zituen.

Moynaq-eko portu-instalazio zaharrak, gaur egun kafe-denda bihurtuta. (Juanma COSTOYA)
Moynaq-eko monolitoa, itsasoaren lehortze prozesua azaltzen duena. (Getty Images)

Substantzia kimikoekiko kontaktu zuzenarekin zerikusia zuen gaixotasun batek osasuna kaltetuta, Savitski Moskuko ospitale batean hil zen 1984an. Denboraren poderioz, karakalparren agintariek beren bilduma zabala bildu zuten hiriko plaza batean kokatutako museo moderno batean.

Bisitaria museoko areto erraldoietan barneratzen denean, zerbait immateriala eta zehazten zaila ikusten du, hango bildumaren egoera hain da-eta gorabeheratsua. Izan ere, museoko langile baten esku azkarrak argitzen ditu ilunpetako gelak, eta aretotik irtendakoan... berriz ere ilunpetan geratzen dira berehala.