Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu.
Sahats Igoa Lopez
San Juan Chamula, kulturaren eta tradizioen zaindari
Chiapas, Mexikoko hegoaldean, Guatemalarekin muga eginez, mundu osoan famatua da barne gatazkengatik, baina mistikoa, birjina eta paradisiakoa izaten jarraitzen du oraindik ere. Mistikotasun horren adierazle nagusietakoa San Juan Chamula herria izan liteke.
San Juan Chamulako eliza. (S. LECOCQ | Getty Images)
Bertako biztanleek arau propioak dituzte autogobernatzeko. Haiek ezartzen dute beren justizia , eta agintaritza mexikarrak apenas du eraginik haien eguneroko bizitzan
Elizan sartzear naizela, haur batek geldiarazi nau. 12 urte izanen ditu, gehiago ez. «Debekatuta dago eliza barruan argazkiak ateratzea!», esan du. Gaztelera ez da bere ama hizkuntza. Nabaria da. Gorantz begiratu eta eliza normal bat ikusten dut nik, gainontzekoak bezalakoa. Berdez eta urdinez margoturiko arku koloretsu bat duen fatxada zuria du, xumea, polita. Sartu orduko, ordea, begiak itxi behar ditut. Airea hartu, begiak kliskatu, airea bota eta begiak kliskatu ditut berriro ere.
Ilun dago, ahula da argia, ke asko, kopal intsentsu kea eta ehunka kandela ñirñirka. Airea pisutsua da oso, eta kandela asko daude pizturik lur, mahai eta santuz josiriko aldareetan.
Gazte bat, merkatuan fruta saltzen. (Sahats Igoa Lopez)
San Juan Chamulako hilerri berezia. (Getty Images)
Belauniko lurrari so diren adoratzaileen irudiak zirrara bizia eragin dit. Jendez gainezka dago; ia ez dago pasatzeko lekurik. Sendalariek tzotzil hizkuntzan egiten dute otoi, eta gaixoen gorputzak igurzten dituzte arrautzekin. Posh eta freskagarriak edan, eta kandelen aurka jaurtitzen dute edandakoa izpiritu txarrak kanporatzeko asmoz. Uzkurtuta nago, ikaraturik, gutxitan sentitu naizen bezala.
Elementu kristau eta maien nahasketa, paganismoa. Elizaren alde banatan kristalez babesturik dauden zenbait santu aurki daitezke. Urrunean, erdi-erdian, San Joan Bataiatzailea, chamulatarrek Jaungoikoaren gainetik goraipatzen dutena. Bere irudiak elizaren zati garrantzitsuena betetzen du. Lurra pinu orratzez estalita dago; sabaia, kanpin-denda bat gogorarazten duen oihalez josia. Ez dago eserlekurik, pinu orratzak harrizko zoruaren gainean.
Hilobiek ez dute oroitarririk, koloredun gurutzeak baizik. (Tiago Lopes FERNANDEZ | Getty Images)
Lasai lo egiteko aukera ere izaten dute zenbaitzuek eliza ondoan. (Stefano Barzellotti | Getty Images)
KANDELAK ITZALI ARTE
Beste talde bat lurrean piztu berri dituzten kandela mordo baten parean belaunikatu da; ozen egiten dute otoitz, tzotzil hizkuntzan hauek ere. Berriro ere kandelak lurrean eta aldare txikien gainean. Lurrean kokatutakoak, desioak eskatzeko; aldaretxoen gainekoak, berriz, eskerrak emateko. Oilo arrautzak, gaixoak sendatzeko; oilo sakrifizioak, gaixo larrientzat... posh eta freskagarri gehiago.
Kandelak erabat kontsumitu behar dira, jainkoaren janari baitira. Inork ez du argazkirik ateratzeko ausardiarik eta elkar besarkatzea debekaturik dago, besarkatzen duzun hori zure seme edo alaba ez bada, behintzat. Arauak argiak dira eta bete egin behar dira. Adibidez, 4.200 pesoko isuna jartzen diote argazkia ateratzen duenari. Isuna gutxienekoa dela sumatzen dut, hala ere.
Eliza berezia da oso. 124 maiordomok zaindua eta gainbegiratua, 24 orduz irekita, asteak dituen 7 egunetan. Vatikanoaren laguntzarik jasotzen ez duen eliza izaki, bertakoek zein atzerritarrek sarrera ordaindu behar dute, finantzabidea baita.
Neska gazte baten alboan errezatzen diharduen emakume helduagoaren ondotik pasatu naiz. Bere ama izanen da, ziurrenik. Hori iruditu zait, behintzat. Sakon arnastu, eta ausartu egin naiz. «Galdera bat egin diezazuket?». «Ez!». Gutxitan erantzun didate horren irmoki. Norbaitek eliza bat imajinatzean haren kupula datorkio burura. Kupula, bere gurutze eta santuekin, jaungoikoa erdigunean eta eserleku ugari inguruan otoi egin ahal izateko.
Merkatuan beti dago giro alai eta koloretsua. (Stefano Barzellotti | Getty Images)
Oihalak egiten. (Getty Images)
Baina ez da eliza kristau tradizional bat; mordo bat ikusiak ditut jada, eta honako honek ez du aurreko ezeren antzekotasun izpirik.
Berezia da oso, 124 maiordomok zaindua eta gainbegiratua, 24 orduz irekita, asteak dituen 7 egunetan. Vatikanoaren laguntzarik jasotzen ez duen eliza izaki, bertakoek zein atzerritarrek sarrera ordaindu behar dute, finantzabidea baita. Hiru auzo bereizik osatzen dute San Juan Chamula herria. Hiru auzo, baina eliza bakarra, daukaten elementurik preziatuena.
Gutxi dira, gaur egun, beren tradizio eta ohiturei hain sendo eusteko gai diren lekuak, baina argi dago San Juan Chamula dela horietako bat. Bertako biztanleak oso erraz bereiz daitezke, guztiek, emakume zein gizonek, zuria edo beltza izan daitekeen bildots artiledun janzkera baitaramate. Emakumeek blusa zuri edo urdin xumeak jantzi ohi dituzte, artilezko gonarekin. Gizonezkoek, berriz, etxean jositako artile zurizko tunika zabalak (edo tunika beltz lodiago bat, hotz egiten badu). Ardura erlijioso eta zeremonial garrantzitsuak dituzten gizonezkoek, aldiz, buruan zapi zuri bat eta mahukarik gabeko tunika beltz bat daramatzate bereizgarri gisa.
Piperrak salgai. (Getty Images)
Emakume bat oihalak saltzen merkatuan. (Steve Bramall | Getty Images)
Bertako biztanleek arau propioak dituzte autogobernatzeko. Beraiek dira euren justizia ezartzen dutenak eta agintaritza mexikarrak apenas du eraginik haien egunerokotasunean. Poliziak ez du esku hartzen; komunitatea bera da arauak era oso zorrotzean betearazten dituena.
Arto tortillak, gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko. Beti. Haragia saltsan; sekula ez parrillan edo labean. Hilen Eguna ez ospatzeak familiatik kanporatzea dakar. Bildots edo arditik datorren edozein osagai kontsumitzea debekatuta dago, San Joan Bataiatzaileak bildots bat baitu besoetan. Arraroa izango da hanburgesa, pizza edo atun zati bat onartuko duen chamulatarren bat aurkitzea. Pertsonei eta haien ohiturei argazkiak ateratzea ere debekatua dago, argazkiak arima lapurtzen diela uste baitute. Azken arau hau samurtzen joan dela esango nuke, hala ere. Baina elizan ez, elizan arauak indartsu dirau; beraz, hobe argazki kamera itzalita izatea. 4.200 pesoko isuna huskeria da haien arauak hausteak sor dezakeen larrialdia kontuan izanda.
Eliza inguruan beti jendea dago. (Stefano Barzellotti | Getty Images)
Jendea eta autoak errespetatu egiten dira kaleetan. (Sahats Igoa Lopez)
CHAMULATARREN KANPORATZEA
Ezohiko herria da alderdi askotan. Azken hamarkadetan milaka chamulatarren kanporatzea eragin du katolizismo chamulatar tradizional eta ebanjelismoa besarkatu dutenen arteko barne gatazkak. Chiapasen, Mexikoko beste hainbat estatu eta Erdialdeko Amerikako zenbait lekutan gertatzen den bezala, mestizo katolikoen nagusitasunaren aurkako mugimentu politiko gisa ematen da katolizismo tradizionalaren errefusa. Hala, eskualde honetan ebanjelismoa gaur egun oraindik ere Chiapasen oso presente dagoen mugimendu zapatistari loturik dago. Chamulan ordea, katolizismoak indar handia du eta milaka kristau ebanjelikoren kanporatzea eragin du. Erbesteratu ebanjeliko gehienek San Cristobal de las Casas hiri ezaguneko auzo marjinaletara mugitu behar izan dute.
Chamulako kaleetan zehar azken paseotxo bat eman ondoren, alboko Zinakantan herrira abiatu naiz, baina ez aurretik hilerria bisitatu gabe. Leku benetan berezia honakoa ere, non hilobiek ez daukaten oroitarririk, koloredun gurutzeak baizik: zuria, haurrentzat; berdea, helduentzat; eta beltza, adinekoentzat. Herria atzean uztean lehenago irakurri beharreko kartel bat topatu dut: «Debekaturik eliza barruan argazkiak ateratzea». Gutxitan sortu dizkit leku batek hainbeste emozio.